Bart gauean Oklahoma Cityn (Ameriketako Estatu Batuak) izandako tornado batek hildakoak 91 zirela zabaldu dute komunikabide gehienetan, eta 145 zauritu baino gehiago, baina egunak aurrera egin ahala gutxituz joan dira kopurua. Azken parteak 24 hildako daudela egiaztatu du, eta ehundik gora zauritu, litekeena den arren hondakinen artean biktima gehiago egotea. Bigarren kategoria handieneko indarra izan du haizeteak, eta kalte asko eragin ditu; eraikin ugari bota ditu.
Orduko 320 kilometroko abiadura eta hiru kilometroko diametroa hartu ditu haize zurrunbiloak. Ehunka eraikin bota ditu Mooren, Oklahoma City kanpoaldeko gune batean, besteak beste bi ikastetxe eta erietxe bat. Haurrak dira hildakoetako hogei eta zaurituetako 70.
Asteburuan beste tornado batzuk izan dira estatu horretan bertan. Gutxienez bi pertsona hil eta 30 inguru zauritu ziren haizeteen ondorioz, eta 300 bat etxebizitza suntsitu zituzten.
"Hondamendi eremu"
Barack Obama AEBetako presidenteak kezka azaldu du gertatutakoaren eta kaltetuen egoeraren inguruan. Oklahoma "hondamendi eremu" izendatu du Obamak. Izendapen horrekin, administrazioak beharrezko baliabideak jarriko ditu kaltetuei laguntzeko. Larrialdi zerbitzuak kaltetutako eremuan dira lanean.
"Oklahomako herria gure pentsamenduetan eta otoitzetan dago", esan du Obamak.