Larrialdi zerbitzuek CNN telebista kateari jakinarazi diotenez, azken orduetan beste sei lagun hil dira AEBetan Irene urakanaren eraginez. Connecticut, Maryland, Pennsylvania eta Florida estatuetan izan dira lau hildako horiek, besteak beste, bi erreka baten urak eramanda, beste bat argindar kableak lurrera erori direnean izan den trafiko istripu batean, bi gainera zuhaitz bat erorita eta seigarrena "ekaitzaren eraginez".
Lau horiekin guztira hemeretzi dira AEBetan Irenek utzi dituen hildakoak, nahiz eta urakana lurrean sartu ondoren ekaitz tropikal bihurtu zen. New Yorken hasi dira hiria berera bueltatzeko lanetan, eta metroa gaur zerbitzua eskaintzen hasiko da, nahiz eta ez den oraindik lehengora itzuliko.
Irenek irudi ikusgarriak utzi ditu asteburuan. Manhattanen irailaren 11ko atentatuaren ondoren ez bezala, saltoki guztiek ateak itxi behar izan zituzten, eta hartutako neurriak gehiegizkoak ez ote diren izan lehen kritikak entzuten hasi dira. Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak eta Barack Obama presidenteak esku hartze zuzena izan dute krisian, eta eurengana zuzendu dira kritika horiek.
Behin behineko kalteen berri gaur emango dute.
Kanadan hiru egunez etxean egoteko prestatzeko eskatu dute
AEBak atzean utzita, Quebecera iritsi da Irene bart, eta 248.000 etxe argindarrik gabe utzi ditu. Hala ere, bi probintzia bakarrik daude Kanadan alerta egoeran. Montrealen erdigunera sartzeko sarbideak moztu behar izan dituzte, eta Ingurumen ministroak okerrena iristear dela esan du. Etxean gutxienez hiru egunez egoteko prestatzeko eskatu die herritarrei.