Iraken ostean, Afganistan izan da Etxe Zuriaren amesgaiztoa. 2008an %35 igo ziren AEBetako soldaduen heriotzak aurreko urteekin alderatuta. «Hau ez da bakarrik amerikarren arazoa. Aldiz, lehen mailako nazioarteko arazoa da. Londres eta Baliko eraso terroristak Al Kaedarekin eta horiek Pakistanen dituzten aliatuekin zeuden lotuta, baita Afrika iparraldeko, Ekialde Hurbileko, Islamabadeko eta Kabulgoak ere. Munduko herritarren segurtasuna kolokan dago», ohartarazi du presidente demokratak.
Afganistan ez ezik, Pakistan ere arazo bilakatzen hasia da estatubatuarrentzat. 2001ean terrorismoaren aurkako borrokan Washingtonekin bat egin zuen arren, talibanak han ezkutatzen direla uste du Etxe Zuriak, eta behin baino gehiagotan leporatu izan dio ezer ez egitea haien aurka. Horregatik, hara bidaltzen duen laguntza handituko duela iragarri du, betiere, hark demokrazia bultzatu eta mugan ezkutatzen diren talibanen aurka egiten badu. «NATOk ez du lortzen bataila irabaztea. Egoera geroz eta arriskutsuagoa da, eta Afganistan eta Pakistan arteko muga munduko tokirik arriskutsuena da», nabarmendu du Obamak.
Elkarlanerako baldintzak
Errusiak eta Txinak onartu dute Washingtonen gonbita, baina ez baldintzarik gabe. Trukean, estrategia multilaterala eratzeko eskatu diote, gatazkan parte hartuko duten nazio guztiak kontuan hartuko dituena, alegia. Shanghaiko Elkarlanerako Erakundearen izenean -Asiako NATO- esan dute alde guztiek bat egin behar dutela «terrorismoa, droga trafikoa eta gaizkile sareak» desegiteko. Estrategia horretan NBE Nazio Batuen Erakundeak egin beharko luke bitartekari lana Moskuren iritziz. Urrats bat gehiago ere egin du, ordea, Dmitri Medvedev presidentearen gobernuak, eta proposatu Afganistanen inguruan «segurtasun gerriko bat» osatzea, haren auzo diren herrialdeen laguntzarekin. Horietako bat da Iran.
Teheranek ez dio oraindik Washingtonen gonbitari erantzun, baina pentsatzekoa da datozen orduetan egingo duela. Izan ere, bera, beste 80 herrialderekin batera, asteartean Hagan egingo duten nazioarteko goi bileran parte hartzekoa da. Etxe Zuriak berak luzatu zion gonbita, eta Teheranek onartu. Bilera horretan izango dira nazioartetik joandako gobernuz kanpoko eta eskubideen aldeko hainbat erakunde ere. Operazio militarrez ez ezik, giza laguntzaz eta herrialdearen beraren etorkizunaz ere arituko dira bileran.
Europa, laguntzeko prest
Europako Batasuna izan da Obamaren hitzei erantzuten lehena. EBko herrialde gehienek dituzte soldaduak Afganistanen, NATOren esanetara. Hala ere, bai nazioarteko erakundeak eta baitaAEBek ere soldadu gehiagoren beharra nabarmendu dute. Horiek hala, Washingtonek iragarri du beste 4.000 soldadu bidaliko dituela ekainean herrialde hartara. Soldadu horien lana izango da Afganistango segurtasun indarrak trebatzea. Aurretik, Etxe Zuriak iragarria zuen 17.000 soldadu gehiago bidaliko zituela. Horiekin, urte bukaerarako, 51.000 militar inguru izango lituzketeAEBek.
Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ere urte hasieran ohartarazi zuen beste 4.000 soldadu beharko dituztela segurtasuna bermatzeko, baina, oraingoz, herrialde bakar batek ere ez dio eskaerari erantzun. NATOko kideetatik Erresuma Batua da militar gehien dituena, eta hura bera izan da Etxe Zuriaren proposamenari erantzuten lehena ere. «Lana banatu behar dugu gatazkan parte hartzen ari garen herrialdeen artean, bestela estrategiak huts egingo du», adierazi du Erresuma Batuko Atzerri ministro David Milibandek.
Estrategia bera erabili zuten AEBek Iraken, eta baita indarkeria nabarmen murriztea lortu ere. Gauza bera egiteko itxaropena du orain Washingtonek Afganistanen. Era batera edo bestera Obamak, jada, oharra bidali die talibanei: «Ezin dugu zintzoagoak izan. Eta gure aurka dauden terroristentzat hauxe da mezua: garaituko zaituztegu».
Talibanak bat eginda,AEBen aurka
Afganistango eta Pakistango talibanak batu egin dira Afganistanen erasoak egiteko,The New York Times egunkari estatubatuarraren arabera. Ameriketako Estatu Batuek (AEB) aurten 21.000 soldadu gehiago bidaliko dituzte Afganistanera, eta soldaduak iristen direnerako prest egon nahi dute talibanek. Batasun horrek kezka sortu du Afganistanen. NATOk ohartarazi duenez, aurten gatazka okertu egingo da. Pakistanen ere egonezina azaldu du Afganistango eta Pakistango talibanen arteko balizko batasunaren inguruan; haren ustez, bat egiten badute arriskutsuagoak izango dira talibanak.Horrez gain, gutxienez 48 lagun hil eta 80 zauritu ziren atzo atentatu suizida batean. Atentatua Pakistango Khiber barrutian izan zen, Afganistanekin muga egiten duen eskualdean. Tarik Hayat Khan Khiberreko administrazioko arduradunak azaldu zuenez, ekintzaile suizida Khiberreko mezkitan sartu zen, barruan 250 lagun zeuden unean, eta gainean zeramatzan bonbak zartarazi zituen. Erasoan hildakoen artean dago ekintzailea bera ere.
Mendebaldeak bozetanesku hartzeko arriskua
Abuztuaren 20an dituzte egitekoak presidentetzarako hauteskundeak Afganistanen. Horiek hala, Garapen eta Segurtasunerako Nazioarteko Kontseiluak ohartarazi du Mendebaldeak segurtasun eza balia dezakeela bozetan iruzur egin, eta bere aldeko hautagaiaren garaipena bermatzeko.19.500
Gerran hildakoak. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 2001ean Afganistani eraso ziotenetik 19.500 lagun baino gehiago hil dira borroketan. Horietatik 7.400 inguru zibilak. Zauritutakoak, berriz, 52.000 bat dira, gehienak AEBetako soldaduak.Irailaren 11ko New Yorkeko erasoen ondoren, NATOk bat egin zuen AEBekin Afganistango talibanen aurkako borrokan; horrek, ordea,are gehiago ezegonkortu du lehendik kolokan zen herrialdea.
Gatazkarensei aurpegiak
A. Elizegi.Nazioarteko harremanak ez dira errazak, are gutxiago gatazka bat tarteko denean. Afganistanek gerra asko ezagutu ditu independentziaz geroztik, baina lazgarriena 2001etik hona dutena da, zalantzarik gabe. Irailaren 11ko erasoen ostean, NATOk bat egin zuen AEBekin talibanen aurkako gerran. Horrek, ordea, nazioarteko ika-miken ispilu bilakatu zuen herrialdea. Hona hemen gatazka horietatik garrantzitsuenak:
1. Al Kaeda
Terrorismoaren aurkako gerra aitzakiatzat hartuta sartu ziren AEBak Afganistanen. New Yorkeko atentatuetan milaka lagunen heriotza eragin zuen Al Kaedak, eta Washingtonek diru berarekin ordaindu nahi izan zion. Erabakiak, ordea, eskualde osoan izan zuen eragina, tartean Pakistanekiko harremanetan. 2001ean bilakatu zen Islamabad Washingtonen aliatu, eta harremanak eten zituen ordura arte lagun izan zuen Kabulekin. Hala, Afganistanek aliatu garrantzitsua galdu zuen.
2. India
Indiak ez du mugarik Afganistanekin, bai, ordea, Pakistanekin, eta ezin esan bien arteko harremanak onak direla. Kaxmirren gaineko gatazka dela eta, gerran daude aspalditik bi herrialdeak. Horiek hala, Indiak harremanak hobetu nahi ditu Kabulekin, hala, Pakistan bi aldeetatik kontrolatua edukiko lukeelako. Pakistanek, berriz, nola edo hala amaitu nahi du Indiaren eragina, horretarako, ordea, Kabulekiko harremanak hobetu behar ditu, etaAEBen aliatu izateak ez dio gehiegi laguntzen.
3. Saudi Arabia
Dudarik ez da Saudi Arabia eta Iran direla mundu islamikoko bi buruzagi handiak. Bien jarrera, ordea, oso da desberdina. Lehena Mendebaldearen aldekoa da, eta harreman estuak ditu AEBekin; bigarrena, aldiz, Estatu Batuen zerrenda beltzean dago sartua. Horretaz gain, lehena nagusiki sunita da, baina bigarrenean xiitak dira gehiengoa. Bientzat litzateke urrats handia Afganistan berriarekin aliantza, botere handia emango bailieke mundu islamikoan. Ez batak ez besteak, ez dute soldadurik bidali herrialdera, baina zenbait iturriren arabera, Iranek nolabaiteko laguntza ematen die talibanei.
4. NATO
AEBekin batera NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea da Afganistanen dagoen beste nazioarteko indarra. Azken horrek 30.000 bat militar ditu herrialde hartan, egun daudenen erdia, gutxi gorabehera. Irakeko gerran parte hartzeari uko egin aren, onartu egin zuen Afganistanera joatea, AEBekiko harremanak leuntzeko. Urteak daramatzate, ordea, herrialde hartan, eta egoerak okerrera egin du nabarmen. Azken hilabeteetan talibanek berreskuratu egin dituzte galdutako eremuak, eta egun hiriburua da benetan kontrolpean dagoen eskualde bakarra. Horrek beldurra zabaldu du NATOko kideen artean. Batzuk hasiak dira pentsatzen Afganistan ez ote den beste Irak bat izango.
5. Errusia
Sobiet Batasunaren kontrolpean egon zen Afganistan 1979tik 1989a arte, eta geroztik ere eragin handia izan du Moskuk han. 2001ean AEBek herrialdeari eraso ziotenean, Errusiak bat egin zuen terrorismoaren aurkako borrokarekin. Baina Moskuk ez du nahi NATOren base iraunkorrik herrialde hartan; izan ere, gertuegi dago bere mugetatik, eta mehatxu gisa ikusten du nazioarteko erakundea. Bide beretikAEBen balizko base militar bat ere begi txarrez ikusiko luke Moskuk. Afganistanen atzerriko militarrek egon behar badute, zalantzarik ez da Dmitri Medvedev presidenteak nahiago lukeela Errusiakoak, edo gutxienez, haren aliatu den herrialderen batekoak izatea.
6. Iran
Barack Obamak AEBetako presidentetza hartu duenetik Iranekiko harremanak ontzen saiatu da, baina Teheran ez da fidatzen. Bere garaian Washingtoni lagundu zion talibanen gobernua desegiten, baina gerora Etxe Zuriak Iranekiko harremanak estutzearen inguruan ohartarazi zuen Afganistan, hala, Teheranen eragina murriztuz. Ondorioz, ulertzekoa da, Errusiak bezala, Iranek ere atzerriko -eta batez ereAEBetako- base militarrik nahi ez izatea Afganistanen, eta hori saihesteko bere esku dagoen guztia egitea.
«AEBek bultzatutako Afganistani buruzko konferentzia sei urte berandu dator»
LAKHDAR BRAHIMI
NBEko Afganistanerako aholkulari izandakoa