Afganistanen segurtasuna bermatzeko eta herrialdearen ekonomia suspertzeko diru gehiago bideratzea onartu zuen atzo NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak -erakundea osatzen duten 26 herrialdeek hitzartuzuten neurria-. AEB Ameriketako Estatu Batuek 8.600 milioi euro ematea ebatzi dute. Europako Batasunak, berriz, 600 milioi euro.
Washingtonek eskatuta egin zuten bilera Bruselan. Afganistanen soldaduak dituzten herrialdeen konpromisoa suspertzeko zen bilera; izan ere, urte hau talibanei aurre egiteko borrokan «erabakigarria» izango dela uste du Etxe Zuriak. AEBek herrialdea okupatu zutenetik -2001. urtea- amaitu berri den urtea izan da odoltsuena. Orotara 4.000 lagun inguru hil ziren gerrillari talibanek egindako erasoetan zein nazioarteko indarraren erasoetan.
AEBek iragarritako diruaren zati handiena -6.600 milioi euro-hango armada trebatzeko eta hornitzeko baliatuko da. Gainerako dirua herrialdea berreraikitzeko eta ekonomia suspertzeko bideratuko da, esaterako, errepide eta garraiobide sarea hobetzeko, argindar hornikuntza zabaltzeko eta opio laborearen aurkako neurriak hartzeko. Opioaren salmentak talibanei diru iturri handiak ekartzen dizkietela azpimarratu dute behin eta berriro NATOk eta Washingtonek.
AEBek 142.000 milioi dolar gastatu dituzte azken bost urtean Afganistanen. Europako Batasunak ere konpromiso handiak hartu eta dirutza handia bideratu du herrialdera. EBk urteoro 250 milioi euro gastatu ditu Afganistanen. Guztira 1.000 milioi euro. EBko herrialdeek beste 3.700 milioi euro eman dituzte beren kabuz.
EB-K 600 MILIOI EURO GEHIAGO.Benita Ferrero-Waldner Europako Batzordeko Kanpo Arazoetarako komisarioak hurrengo hiru urteetan beste 600 milioi euro emango dituztela jakinarazi zuen atzo. Afganistanen berreraikitzea suspertzeko baliatuko den dirua izango dela zehaztu zuen komisarioak.
Udaberrian gerrillari talibanen erasoak areagotzearen beldur da Washington. Kabulgo gobernuan edota eskualdeko aginteetan ustelkeria handitzea eta opioarenmerkatu gehiago areagotzea dira nazioarteak dituen bestelako kezka nagusiak.
NATOren ardurapean dagoen misioak 32.000 soldadu ditu gaur egun Afganistanen. Afganistango armadari laguntza ematea da bere ardura nagusia -35.000 soldadu ditu armadak-. NATOko kide ez diren munduko beste herrialde ugari daude nazioarteko misioan. Guztira 37 herrialdek bidali dituzte soldaduak Afganistanera.
Afganistango Legebiltzarreko kide bat hil zuten atzo, bestetik, Kabulen. Mohammad Islam Mohammadi Bamiango probintziako gobernaria izan zen talibanak boterean zirelarik. Meskitara zihoala tiroka hil zutela zehaztu zuen Barne Ministerioko eledun Zemarai Basharik.
Afganistan berreraikitzeko eta segurtasuna bermatzeko diru gehiago jarriko du NATOk
Talibanei aurre egiteko «urte erabakigarria» izango dela ohartarazi du NATOk; 4.000 lagun hil ziren iaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu