Goizaldean izan zen leherketa, Jalal izeneko gerra jauntxoak Khuna Da herrian, Bashga eskualdean, zuen armategian. Barne Ministerioko bozeramaile Muftula Mashalen esanetan, 28 zibil hil eta beste 70 bat zauritu ziren eztandan. Zaurituak inguruko erietxeetara eraman zituzten. Baina batzuk oso larri zeuden, beraz hildako kopuruak gora egin dezakeela ohartarazi dute agintariek.
Khuna Dan 16 bat etxe daude, eta horietan 160 pertsona inguru bizi dira. Leherketak kalteak eragin zituen etxe gehienetan. Horietatik zazpi erabat suntsituta geratu ziren. Baita meskita bera ere. Jalal komandantea eta bere familia ere hil egin ziren leherketan. NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Afganistango Gobernuak bultzatutako Desarmea, Desmobilizazioa eta Bergizarteratzea izeneko kanpainan hartu zuten parte. Hori zela eta, taldeak arma guztiak entregatuak zituela uste zuten agintariek.
Erasoak
Hiru polizia hil eta beste hiru zauritu ziren atzo Kandahar eskualdean. Errepide ertzean jarritako lehergailua zartarazi egin zuten Poliziaren ibilgailua igarotzen ari zen unean. «Erantzuleak Afganistanen etsaiak izan direla uste dugu, talibanak, alegia», azaldu zuen poliziaburuak.
Hamid Karzai presidentea kezkatuta agertu zen atzo AEBetako tropek hildako zibilak zirela eta. Zenbait eskualdetan, «terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian» hainbat zibil hil dituztela salatu zuen ohar baten bidez. Hala ere, segurtasun neurriak beharrezkoak zirela onartu eta kontu handiz ibiltzeko eskatu zien AEBei.
AFGANISTAN. Gutxienez 28 lagun hil eta beste 70 zauritu dira armategi bat lehertuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu