Afganistan hegoaldean ustezko 200 taliban hil dituzte okupazio indarrek

AEBek 'mendiari eraso operazioa' abiatu zuten bertan joan den astean; atzo 65 lagun hil zituzten

2006ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Mendiari eraso (mountain thrust) operazioa abiatu zuten joan den maiatzaren 14an okupazio indarrek Afganistanen. AEB Ameriketako Estatu Batuek zuzendutako nazioarteko indar militarrak eta herrialdeko soldaduak ari dira parte hartzen erasoaldian. Herenegun ustezko 65 taliban hil zituzten. Operazioa abiatu eta hamar egunera, berriz, 200 dira hildako ustezko talibanak. Hamid Karzai Afganistango presidenteak azken bi asteotan erasoetan eta borroketan hildako lagunak 600 inguru direla salatu zuen ostegunean. Nazioarteko tropen taktikak gogor salatu zituen presidenteak.

Uruzgan eta Kandahar hegoaldeko eskualdeak dira erasoaldiaren jomuga. Bertako mendietan ezkutatzen dira gerrillari talibanak eta haiei aurre egitea da erasoaldiaren helburua.

Uruzgan eskualdean izandako azken borrokak bost ordu baino gehiago iraun zituen. Mirabad herrian izan zen borroka herenegun. Tirin Kot probintziaren hiriburutik hurbil dagoen herri horretan gerrillari taliban andana inguratu zituzten okupazio indarrek -soldadu estatubatuarrak, britainiarrak eta kanadarrak-. Nazioarte koalizio militarrak zabaldutako agirian berrogei taliban hil zituztela ziurtatu zuten. Rahmatula Raufi Afganistango Armadako jeneralak, alta, erasoaldian hogei gerrillari hil zirela eta beste hemezortzizaurituta zeudela adierazi zuen. Jeneral horrek berak jakinarazi zuen, halaber, nazioarte koalizioko hiru soldadu kolpatuak izan direla borrokaldian.

Kandahar eskualdean, berriz, ustezko hogeita bost taliban hil zituzten ostiralean okupazio indarrek. Bajanzi herrian izan zen erasoaldia. Soldadu eta gerrillarien arteko borrokek hiru ordu iraun zutela zehaztu zuen nazioarteko koalizio militarrak zabaldutako oharrak. «Muturreko gerrillaribatzuek ihes egitea lortu dute, zibilak giza-ezkutu gisa hartuta», azpimarratuta zegoen agiri horretan bertan.

Erasoetan ez dutela zibil bakar bat ere hil ziurtatu zuten okupazio indarrek.Dena den, ia ezinezkoa da informazio hori egiaztatzea; izan ere, herrialdeko inguru horietan apenas dagoen informazio iturri independenterik.

Uruzgan, Kandahar, Helmand eta Zabul hegoaldeko eskualdetan borroka gogorrak izan dira azken egunotan.Nazioarte koalizioak atzo zabaldutako datuen arabera, talibanen ezkutaleku baten aurkako ekintzan hamazazpi gerrillari hil zituzten. Afganistango indar militarrek eta koalizio indarrek talibanen aurka presio gogorra egiten jarraituko dutela adierazi zuen atzo nazioarte koalizio militarreko eledun Paul Fitzpatrik. Mendiari eraso operazioan ia 15.000 soldadu ari dira parte hartzen.



OKUPAZIOTIK ERASO GOGORRENAK. Afganistan hegoaldean datozen egunotan erasoaldiak gogortuko dituztela jakinarazi du Washingtonek. Maiatzean -udaberria hasi zen- okupazio indarren kontrako borrokari gogor ekingo ziotela iragarri zuten gerrillari talibanek. AEBek 2001. urtearen amaieran herrialdea okupatu eta talibanen agintea bertan behera utzi zutenetik erasoaldi gogorrenak gertatzen ari dira azken asteotan Afganistanen.

Gulduddin Hekmatiar Afganistango buruzagi ohia -erbesteratuta bizia da- okupazio indarrak herrialdetik alde egitera behartuak izango direla esan zuen atzo: «Somaliatik haizatuak izan ziren bezalaxe, Afganistanetik eta Iraketik ere izango dira» . Talibanak boteretik haizatuak izan zireneanerbesteratu zen. Gerra zibileko (1992-1996) protagonista izan zen. Ahmad Shah Massud komandantearen aurka borroka egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.