Afganistan talibanek har dezaketela ohartarazi du NATOk txosten batean

Aliantzak azaldu du talibanak iritsi direla ondorio horretara; atxilotutako 4.000 lagunen testigantzak bildu dituzte agirietanPresoek diote Pakistan matxinoei laguntzen ari zaiela; Islamabadek salaketak ukatu ditu

2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Afganistanen preso dauden ustezko talibanek eta Al-Qaedako kideek ohartarazi dute herrialdea talibanek har dezaketela 2014an nazioarteko soldaduek hura uzten dutenean. Hala bildu du NATOk Afganistango presoen testigantzekin osatu duen txosten batean. Pakistango ISI informazio zerbitzuak matxinoei babesa ematen ari direla ere badiote talibanen kontakizunek. BBC eta The Independent hedabideek filtratu dute aliantzaren isilpeko txostena, baina NATOk berehala esan du ondorio horiek ez direla bereak. «Haien iritzia da hori, edo guk pentsatzea nahi dutena», esan du erakundeko bozeramaile Oana Lungescuk. Hori horrela, NATOk orain arteko bertsio ofizialari eutsi dio: azken hilabeteetan talibanek atzera egin dutela eta buruzagi nahiz lur eremu asko galdu dituztela.

Duela hamar urte baino gehiago nazioarteak deuseztatutzat eman zituen talibanak Afganistanen. Baina 2001etik, urtez urte, matxinoen erresistentzia gogortu egin da. Talibanen ikuspegiak, hain zuzen ere, ez dauka zerikusirik aliantzak emandakoarekin. Hamar urte igaro eta gero euren indarrak eta moralak bere horretan jarraitzen duela diote. Horrez gain, Afganistango armadako soldadu asko eurekin bat egiten ari direla kontatu dute preso dauden talibanek. Herritar askok talibanen erregimena nahiago dutela ere bildu dute atxilotutako 4.000 lagunen kontakizunak biltzen dituen NATOren txostenean. «Afganiarrek nahiago dute talibanen erregimena gaur egungo gobernua baino, oraingoa ustelkeriak jota dagoelako».

Pakistan jomugan

Afganistango Gobernuak eta AEBek sarritan leporatu diote Islamabadi «terroristen babesleku» izatea, eta txosteneko kontakizunek bat egiten dute salaketa horiekin. «Pakistanek guztia daki, guztia kontrolatzen du», dio Al-Qaedako buruzagi batek, NATOren dokumentuaren arabera. «Talibanak ez dira islama; talibanak Islamabad dira», gaineratzen du.

Pakistanek, ordea, salaketak ukatu ditu, eta aliantzaren txostena «friboloa» dela esan du gobernuak. Abdul Basit Atzerri Ministerioaren bozeramaileak gogorarazi du Pakistanen ere «asko» sufritu dutela Afganistango gatazka luzearekin. «Zaharrak berri» dira txostenak biltzen dituenak, Hina Rabbani Khar Pakistango Atzerri ministroaren arabera. «Sarritan egin dituzte salaketa horiek. Afganistango Gobernuak bake bidean egiten duen ekimen oro babesten du Pakistanek. Ez daukagu ezkutuko agendarik Afganistanen». Filtrazioa ere «estrategikoa» izan dela esan du Kharrek, eta Pakistanek eta Afganistanek mugaz gaindiko arazoen errua elkarri botatzeari utzi beharko lioketela. Afganistango Atzerri ministroak ere bizilagunaren alde egin du, bake prozesuan Pakistanek «garrantzi izugarria» duela esanez.

AEBetako Pentagonoko bozeramaile John Kirby kapitainak, berriz, NATOren txostenean agertzen diren talibanen adierazpenak «aspaldiko kezkekin» bat datozela dio. Izan ere, ISIk muturreko matxinoekin harremanak dituela susmatzen du Washingtonek.

Hain justu, AEBen eta Pakistanen arteko tentsioa gorenean dagoenean iritsi da NATOren txostena. Iazko maiatzean okertu ziren bi herrialdeen arteko harremanak, AEBek Osama bin Laden Al-Qaedako burua hil ostean. Izan ere, bere lurretan egitekoa zen operazioaren berri ez ematea kritikatzen die Pakistanek AEBei. Washingtonen arabera, ordea, aurrez Bin Ladenen berri emanez gero, operazioa «arriskuan» jarriko zuten. Gerora are tentsio handiagoa eragin du Washingtonek Pakistango Gobernuak Al-Qaedako buruaren ezkutalekuaren berri zuen susmoa agertu izanak. Islamabadek behin eta berriz esan du Bin Laden non ezkutatzen zen ez zekiela. Azaroan, berriz, NATOk Pakistango armadako 24 soldadu hil zituen aire eraso batean. Orduan, Pakistanek aliantzari Afganistanen dituen soldaduak hornitzeko muga ixtea erabaki zuen.

Bake negoziaziorik ez

Talibanek esan dute, bestalde, Afganistango Gobernuarekin bake negoziazioak hasteko planik ez dutela. «Ez da egia aurki Saudi Arabian Karzairen ordezkariekin bilduko garenik», adierazi du Zabidullah Mujahid matxinoen bozeramaileak.

Asteburuan talibanen buruzagi batek «aurki» gobernuarekin elkarrizketak hasiko zituztela esan zuen. Urtarril hasieran, gainera, Qatarren AEBekin negoziatzeko egoitza bat irekiko zutela jakinarazi zuten talibanek, baina atzo Afganistanen gobernu islamista ezarri arte yihadari —gerra santuari— eutsiko diotela adierazi zuen Qari Yusuf Ahmadi erakunde islamistako kideak.

Bestalde, atzo, hamahiru lagun hil zituzten Pakistan iparraldean airez eginiko eraso batean. Khyber telebista kateak AEBetako piloturik gabeko hegazkinei egotzi die erasoa, baina eskualdeko Poliziak esan du erasoa Pakistango armadaren hegazkinek egin dutela. Azken egunetan borroka gogorrak jazo dira Afganistanen mugan. Matxinoek armadaren aurka geroz eta eraso gogorragoak egiten dituzte. Aurreko astean bost soldadu hil zituzten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.