Afganistango trantsizio prozesuan «pauso garrantzitsu bat» eman dute, AEBen esanetan. Hamid Karzairen aspaldiko eskaera betez, akordio batera iritsi dira Kabul eta Washington: orain arte AEBen esku zeuden espetxeen kontrola bere gain hartuko du Afganistanek. «Itun honek agerian uzten du trantsizio prozesua aurrera doala, eta, Afganistan berriz ere terroristen babesleku bilakatu ez dadin, ahaleginak egiten ari garela». Hala mintzatu da John R. Allen ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarren buruzagia eta AEBetako tropen komandantea. Baina Washington ez da Kabulez fio, eta espetxeen kontrolaren ardura emango badio ere, zein preso aske utz dezaketen erabakitzeko beto eskubidea mantenduko du.
Negoziazioak ez aurrera ez atzera zeuden aspaldian Afganistanen eta AEBen artean. Kabulek sarritan esan du espetxeen kontrola hartzeko prest dagoela, baina AEBek ez dute orain arte ardurak eskualdatzeko urratsik egin. Urtarrilean, Karzaik iragarri zuen Bagramgo espetxea bere gain hartuko zuela, «konstituzioa eta nazioarteko legedia urratzen duten hainbat kasu» ezagutu eta gero. Bagramgoa da, hain justu, eskualdatze prozesuan eztabaida gehien eragin duen zentroa. Izan ere, AEBek herrialdean duten base militar nagusian dago espetxea, eta bertan lagun ugari dituzte preso «terrorismoa» egotzita.
Taliban susmagarri asko «laster» aske utziko dituzten beldur dira AEBetako armadako ofizialak. Era berean, kezka agertu dute Afganistango espetxeetan giza eskubideak urratzen direla esanez. Hori horrela, hainbat baldintza jarri dizkiote itunari. AEBetako tropak 2014an herrialdetik atera arte zein preso aske uztea erabakitzeko beto eskubidea izateaz gain, afganiarrak ez diren presoen zaintza mantenduko dute AEBek. Pakistango Al-Qaedako ustezko 50 lagun inguru daude horien artean. Bestetik, presoek jasotzen duten tratua kontrolatuko dutela ere jakinarazi dute armadatik. Eskumenen trantsizioa sei hilabeteko epean egingo dute. «Aurrerapen handiak egin ditugu, baina guk ditugun lerro gorrien atzeanmantendu gara, eta Karzai pozik utzi dugu», adierazi du armadako ofizial batek, izenik eman gabe.
Atxilotu guztiak berehala Afganistanen esku geratzea eskatzen du, hain justu, Karzaik. Haren eskaerak bete ez badituzte ere, akordioaren garrantzia nabarmendu du. «Gobernuak urteetan egin dituen ahaleginen ondoren iritsi da urrats garrantzitsu hau», esan du Abdul Rahim Wardak Atzerri ministroak. Karzaik eta Barack Obama AEBetako presidenteak bideokonferentzia bidez hitz egin dute, eta bi herrialdeen arteko aliantza berretsi dute.
Tortura salaketak
Afganistango espetxeetan giza eskubideak urratzen direla-eta AEBetako armada kezkatuta agertu bada ere, Bagramgo espetxean tortura salaketak maiz egin dituzte 2001etik. The New York Times egunkariak armadaren txosten bat argitaratu zuen, non 2002an soldaduek Bagramen armatu gabeko bi zibil hil egin zituztela esaten zen. Atxilotu eta gero hil arte torturatu zituzten, sendagileen txostenen arabera. Kasu horregatik zazpi soldadu salatu zituzten, baina hilketa horietan ustez parte hartu zuten beste hainbat soldadu Irakeko Abu Ghraib espetxera bidali zituzten—bertan ere torturak jasan zituzten presoek—.
Bagramdik igarotako hainbat presok tortura kasuak eguneroko ogi zirela salatu zuten orduan. Zorutik zintzilikatzen zituztela, loa galarazten zietela, jo egiten zituztela eta sexu erasoak jasaten zituztela kontatu zuten. AI Amnesty International erakundeak ere sarritan salatu izan du AEBek ehunka lagun atxiki izan dituztela espetxe horretan, abokaturik izateko aukerarik eman gabe, eta epairik egin gabe, baita adingabeak ere.
Azken hilabetean ere liskarrak piztu dira Bagramen inguruan, AEBetako soldaduek Koranaren aleak erre dituztela eta. Gertakariak krisi larria sortu du herrialdean, eta protestetan, gutxienez, 30 lagun hil dira. AEBek barkamena eskatu badute ere, ez dute herritarrak baretzea lortu. ISAFek, berriz, erantzun du «azkeneraino» ikertuko duela gertatutakoa, eta ziurtatu du «ondorio legalak» egongo direla Korana erre dutenek arduragabekeriaz jokatu dutela ebatziz gero.
Poliziaren aurkako erasoa
Talibanek, bestalde, Afganistango bederatzi polizia hil dituzte. Ustez, polizia baten laguntza izan dute erasoa egiteko. Erasotutako postuan ziren hamar lagunetik bat desagertuta dago, eta iturri ofizialek diote talibanekin ihes egin duela ziurrenik. Herrialdearen erdialdean dagoen Uruzgan eskualdean izan da erasoa.
Azken hilabeteetan hazi egin dira Poliziaren eta armadaren aurkako erasoak Afganistanen. Horietako asko infiltratutako agenteek egiten dituzte. Berriki armadara sartzeko baldintzak gogortuko dituztela iragarri dute, taliban infiltratuak saihesteko.
Iragan uztailean hasi zuten NATOko tropek erretiratze prozesua Afganistanen. Gaur egun 130.000 soldadu inguru geratzen dira herrialdean, eta guztiak 2014an ateratzea espero dute.
Afganistanek bere gain hartuko du AEBek kontrolaturiko kartzelen ardura
Bagramgo kartzela ere Kabulek zuzenduko du; AEBek erabaki ahal izango dute zein preso aske utz dezaketen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu