Afganistanek segurtasunean aurrerapausoak eman dituela diote AEBek

Kabulgo eta NATOko ordezkariekin bildu da Pakistan, «mugan koordinazio neurriak hobetzeko»

Erredakzioa
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
«Gaur egun Afganistanek bere armadaren instrukzioaren %70kontrolatzen du. Afganiarrek afganiarrak entrenatzen dituzte, eta hori seinale ona da». Hala dio Curtis Scaparrotti AEBetako armadako jeneralak. NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indar bateratuen AEBetako burua da Scaparrotti, eta Kabul segurtasunaren ardura bere gain hartzeko bide onean pausoak ematen ari dela uste du. Izan ere, 2013an trantsizioa egin nahi dute AEBek Afganistanen: borroketan parte hartzeari utzi, eta laguntza eta aholkuak ematen hasi nahi dute.

Afganistango nazioarteko misioaren arrakastaren inguruan zurrumurru ugari zabaldu da azkenaldian. NATOk operazioa 2014an amaituko dela berretsi du, baina talibanek diote nazioarteko indarrak alde egitean eurek hartuko dutela herrialdearen gidaritza. Nazioartetik eta Afganistango Gobernutik, berriz, talibanei aurrea hartzen ari direla diote behin eta berriz, eta Scaparrottik mezu hori indartu du. Afganiarrek armadarekiko geroz eta errespetu handiagoa dutela adierazi du, eta matxinoak babesa galtzen ari direla. «Afganistango armada handitzen eta garatzen ari da, baita tropak profesionalizatzeko programak ere».

Muga gatazka

Bestalde, Afganistango, Pakistango eta NATOko ordezkariak bilera egin zuten, atzo. Islamabaden arabera, «mugan koordinazio neurriak hobetzeko». Washingtonek maiz leporatu izan dio Islamabadi Afganistango matxinoei babesa ematea. Islamabadek, baina, salaketa guztiak ukatzen ditu. AEBen eta Pakistanen arteko harremanak gaiztotuta daude, eta bileraren helburuetako bat, hain zuzen, NATOri muga irekitzea aztertzea zen. Izan ere, azaroan Pakistango armadako 24 soldadu hil zituen NATOk aire eraso batean,eta NATOri Afganistanen dituen soldaduak hornitzeko muga ixtea erabaki zuen Pakistanek. Atzo, berriz, piloturik gabeko AEBetako hegazkin batek erasoa egin zuen Pakistanen, eta gutxienez bederatzi lagun hil zituen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.