Afganistanen bederatzi lagun hil dituzte talibanek eraso batean

Kabulgo British Council erakundearen egoitzari egin diote eraso, independentziaren eguna aitzakia hartuta

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Talibanek gutxienez bederatzi pertsona hil eta hamasei zauritu dituzte Afganistango hiriburuan, Kabulen, herrialdeak Erresuma Batuarekiko independentzia lortu zuen egunaren urteurrenean —1919an lortu zuen—. «Eraso hau talibanek inbaditzaile britainiarrei eta Kabulgo Gobernuari bidaltzen diegun mezua da, berriro ere independenteak izango garela gogorarazteko», adierazi du Sabiula Mujahid talibanen bozeramaileak.

British Councilen —Erresuma Batuko hizkuntza eta kultura zabaltzeaz arduratzen den erakundea— egoitzari egin diote eraso. Lehendabizi kamioi bat leherrarazi dute, eraikinera sartu ahal izateko, eta ondoren autoz sartu dira. Leherketaren ondoren, Polizia eta NATOko soldaduak joan dira lekura, eta, borrokan aritu ondoren, erasotzaile guztiak hil dituzte.

Zortzi hildako Afganistango poliziak dira, eta bestea, berriz, Zeelanda Berriko soldadu bat. Une horretan eraikinean lanean ari zirenak, dena den, onik atera dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.