Afganistanen lurreratu bezain laster, AEBetako Defentsa idazkari Leon Panettaren aurkako erasoa egin dute. Panetta Afganistan hegoaldeko base militar batean lurreratu, eta, une berean, auto bat lurreratzeko pistan sartu da, eta su hartu du. Defentsa ministroa onik atera da, eta ez da zauriturik egon. Oraindik ez dute argitu erasoa nahita egin duten edo ez.
Barack Obama AEBetako presidenteak erasoa ikertuko dutela adierazi du. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroarekin bildu da Obama, eta NATOren soldaduak 2014an aterako dituztela baieztatu dute, hasiera batean erabakitako data mantenduz: «Ez dugu Afganistango misioa alde batera utziko». Afganistanen hainbat eraso gertatu dira azkenaldian: AEBetako soldadu batek hamasei zibil hil zituen igandean —atzo atera zuten soldadua herrialdetik—, tarteanumeak, eta aurreko astean AEBetako zenbait soldaduk koranak erre zituzten. Eraso horiek asko gaiztotu dute giroa herrialdean, eta NATOren soldaduak 2014a baina lehenago herrialdetik ateratzea ere aztertu du Washingtonek azken egunetan.
Afganistanen izandako azken erasoek «misioa zaildu» dutela onartu dute Obamak eta Cameronek: «Azken hilabeteetako liskarrek agerian utzi dute NATOren misioaren zailtasuna, baina adostutakoarekin aurrera jarraituko dugu». Datorren urterako Afganistango armadari herrialdea kontrolpean edukitzen «laguntzeko» helburua du NATOk. Horrez gain, Afganistango armadan infiltrazioak ekiditeko plana martxan jarri dute, eta Afganistango soldaduen kultura eta tradizioak ezagutarazteko programa hasiko dute NATOko soldaduek, elkarkidetza hobetzeko.
Zibilen aurkako erasoak
Panettaren aurkakoa ez zen atzoko eraso bakarra izan. Afganistan hegoaldeko Helmand eskualdean zortzi zibil hil zituzten atzo, autobus batek eztanda egin ondoren. Horrekin batera, Afganistango espioitza zerbitzuetako kide bat hil zuten, motozikleta batean jarritako bonba baten ondorioz.
Afganistanen hainbat erasorekin erantzun diote Panettaren bisitari
AEBetako Defentsa idazkaria onik atera da erasotik; bederatzi lagun hil dituzte Afganistan hegoaldean, bi erasotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu