Afganistango gerra 2001ean hasi zen, baina NBE Nazio Batuen Erakundea 2007an hasi zen gerran hildako zibilak zenbatzen. Orduz geroztik, etengabe hazi da kopurua. Unama Afganistango laguntzarako NBEren misioaren arabera, iaz 3.021 zibil hil zituzten; hortaz, orain arteko urterik odoltsuena izan da, 2010eko 2.777ak ere gainditu baitira. Biktimen %77 talibanei egotzi dizkie Unamak, eta %14 Afganistango Gobernuari eta nazioarteko tropei. Beste %9 ezin izan dizkio bi aldeetako inori egotzi. Bost urtean ia 12.000 zibil hil dituzte.
2011 nazioarteko tropak etxeratzeko iragarpen urtea izan da—2014rako jarri dute data—. Unamaren datuak erakusten du, baina, egoera egonkortzetik urruti dagoela. «Gero eta afganiar ume, emakume eta gizon gehiago hiltzen dira gerra honetan», ohartarazi du Jan Kubis NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonen ordezkariak. Zibilen ia hirutik bat etxean egindako bonben ondorioz hil dela dio Unamak. Gobernuak eta nazioarteko indarrek eragindako heriotzak, berriz, 2010etik %4 jaitsi dira, baina soilik NATOk aire erasoetan hildakoen kopurua %9 igo da —187 zibil iaz—.
AEBen «borrokarako misioa»
AEBek Afganistanen duten enbaxadoreak, Ryan Crockerrek, adierazi du bi urte barru erretiratzeko asmoa izan arren «borrokarako misioari» eutsiko diola. Leon Panetta Defentsa idazkariak aurrez egindako adierazpenak zehaztu nahi izan ditu, 2013an borrokarako misioa «trebakuntza» misio bilakatzea espero zuela esan baitzuen hark. Afganistan ez dela berriz «Al-Qaedaren paradisu» bihurtuko esan duenbaxadoreak.
Afganistanen iaz hildako zibilen kopurua 2007tik handiena izan da
NBEren Unama misioaren arabera, talibanek hil dute jende gehien; guztira 3.021 izan dira biktima zibilak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu