Afganistanen nazioarteko 600 militar hil dira aurten, inoizko kopururik handiena

Iranen eskutik dirua «gardentasunez» jaso dutela aitortu du Karzaik; Teheranek, ordea, ukatu egin du

2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Afganistanen 2001 amaieratik zabalduak dauden nazioarteko tropentzat aurtengoa da urterik odoltsuena; jada atzerriko 600 soldadu hil dira aurten. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko azken militarra igandean hil zen. Urtea amaitu gabea delarik, beraz, iaz baino nazioarteko soldadu gehiago hil da jada Afganistanen. Iaz nazioarteko 521 militar hil ziren; aurreko urtearekin alderatuta, orduan ere ugaltze handia izan zen -295 hildako-. Nola nahi ere, 2003. urtetik gerrillari talibanen erasoak areagotuz joan dira, eta horiekin batera hildako nazioarteko soldaduen kopurua ere: 58 (2003); 60 (2004); 131 (2005); 191 (2006); 232 (2007); eta 295 eta 521, berriz, 2008 eta 2009an, hurrenez hurren.

Guztira, bada, nazioarteko 2.170 militarrek galdu dute bizia Afganistanen, 2001ko amaieraz geroztik; horietatik 1.348 Ameriketako Estatu Batuetako soldaduak izan ziren. Hango soldaduak dira, baina, herrialdean zabalduak dauden nazioarteko 15.000 militarren artean kopururik handiena. Nazioarteko tropek galera larriak jasaten badituzte ere, gori-gorian dagoen gatazkaren lehendabiziko biktimak tokiko zibilak dira. NBE Nazio Batuen Erakundeak iaz eginiko azterketa baten arabera, 2.400 zibil baino gehiago hil dira bederatzi urteotan Afganistanen.

Odol isurtze itzel horrek ez du etenik eta atzoko egunean bertan, nazioarteko indarrak eginiko oldar egite batean, hamabost gerrillari hil zituen Helmanden.Fazal Hadik eskualde horretako biltzarreko buruak, aldiz, ziurtatu du hildako lagunak 25 izan zirela, eta horien artean zibilak ere bazirela. NATOk esan du, aldiz, horren berririk ez zuela.

Nazioarteko indarren eta talibanen arteko borrokak gertatzen diren bitartean, agintariek hizketaldi saioak hasiak dituzte, antza, talibanekin. Elkarrizketa horiek, AEBetako agintari politiko eta militarren oniritziarekin bideratuak daude. Bere aldetik, Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi du bake prozesuakgaratzen lagunduko duela, baina ez duela horietan zuzenean esku hartuko. Staffan de Mistura Afganistanerako NBEko mandatari bereziak adierazi du ahalegin guztiak egingo dituztela bide hori aurrera joan dadin laguntzeko, baina ez direla parte-hartzaile izango, «auzi hau afganiarren eskuetan baita, eta horiek baitute aurreratu behar».

Batek aitortu, besteak ukatu

Anartean, bake prozesu hori bera baino nabarmen gehiago hautsak harrotu ditzakeen kontua da Hamid Karzai Afganistango presidenteak egin duen ustekabeko aitortza. Izan ere, presidenteak egiaztatu egin du Iranen aldetik diru mordoa jasotzen duela haren administrazioak, eta sos hori eskuko dirua dela. The New York Times egunkariak joan den larunbatean plazaratu zituen informazioak baieztatu ditu orain Karzaik.

Kazetarien aurrean zehaztu du Irango Gobernuak «urtean behin edo bitan diru laguntza helarazten» diola, Afganistango Presidentetza administrazioaren buru Umar Daudzairen bidez. «Hori laguntza ofizial bat da; Umar Daudzaik diru hori Irango Gobernuaren eskutik jasotzen du, nire aginduei jarraituz». Eskudiru hori zorroetan sartzen dela zehaztu du presidenteak, eta hori «gardentasun osoz» egiten dela gaineratu du. Irango agintariek, aldiz, gezurtatu egin dituzte informazio horiek. The New York Times-en albisteei «gezurtiak, iraingarriak eta barregarriak» iritzi die. Iranek Afganistanen duen enbaxadaren bidez zabaldu dute komunikatu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.