Afganistango bi hiritan erasoak egin dituzte talibanek, eta 14 lagun hil dira

Gardez eta Jalalabaden administrazioaren hiru eraikinen eta base militar baten kontra jo dute gerrillari islamistek

2009ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Afganistango presidentetzarako bozak hilabete baten buruan egitekoak direlarik -abuztuaren 20an-, taliban gerrillari islamistek erasoak egin dituzte ekialdeko bi hiritan. Gardezen, Paktia probintziako hiriburuan administrazioaren hiru egoitzaren kontrako erasoa egin dute ekintzaileek. Jalalabaden, Nangarharko eskualdeko hiri nagusian, berriz, base militar bati egin diote eraso. Ororen buru, hamalau lagun hil dira indarkeria olde honetan; erasoak egin zituzten zortzi ekintzaile talibanak eta segurtasun indarretako sei kide.

Polizia etxearen,informazio zerbitzuen egoitzaren eta probintziako gobernuaren eraikinaren kontrako erasoak egin zituzten ekintzaileek Gardezen. Lekukoen arabera, ekintzaileetako batzuk emakumez jantzita ziren, segurtasun indarrak engainatzeko asmoz. Segurtasun Nazionaleko Zuzendaritzako egoitzaren aurrean zartarazi zuen soinean zeraman lehergailua ekintzaileetako batek. Poliziako hiru kide hil zituen leherketan.

Gardezko Polizia etxearen aitzinean leherrarazi zuen bonba beste ekintzaile batek. Aurretik izandako tiroketa batean, berriz, bi poliziek galdu zuten bizia. Eraso egileek kohete bat jaurti zuten ere Gobernuaren egoitzaren kontra, baina honek ez zuen, agintariek esan zutenez behintzat, biktimarik eragin.

Eraikin ofizialak jomuga

Azizuddin Uarzak Paktiako polizia buruak emandako argibideen arabera, bi ekintzailek euren soinean zeramatzaten lehergailuak zartarazi zituzten eta beste seiak segurtasun indarrekin izandako borroketan hil ziren. Euren buruak zartarazi dituzten ekintzaileak emakumez jantzita zirela zehaztu du polizia buruak, horrela jokatuta espero zutelarik jomugetatik ahal bezainbat hurbiltzea. Indarkeria olde honen ostean, agintariek etxeratze agindua ezarri dute. Uarzakek, hala ere, «hiri osoan» egoera kontrolpean zutela eman zuen aditzera.

Erasoak gertatu ziren unean, heldu den abuztuaren 20an egitekoak diren presidentetzarako eta eskualdetarako hauteskundeen segurtasun neurriak aztertzeko bilera bat amaitu berri zen eskualdeko gobernuaren egoitzan. Abdul Raham Mangal Paktiako gobernuburuordeak hala azaldu zuen. Hauteskundeak izan aurretik, egoera egonkortzeko ahaleginetan buru-belarri ari dira agintariak eta herrialdean zabalduta dauden nazioarteko indarreko arduradunak ere.

Gerrillari islamisten oldar egiteak galaraztea zaila izango zaie, baina. Al Kaedako ekintzaileek eta talibanek gotorleku ugari baitituzte oraindik eta agerian utzi dute urteotan erasoak egiteko bitartekoak dituztela. Eremu ugari kontrolpean dituzte oraindik ere.Hala, Gardezen hiru eraso izan ziren unean, Nangarharko probintziako hiriburu Jalalabaden beste oldar egite odoltsu bat jazo zen. Ahmad Zia Abdulzai Probintziako Gobernuaren eledunak azaldu zuenez, bi ekintzaile aireportuaren eremuan kokatua den base militar batean sartzen saiatu ziren. Alabaina, segurtasun indarrek hil egin zituzten; tiroketan polizia batek ere bizia galdu zuelarik. Jalalabadeko aireportuko base militarrean Afganistango armadako eta nazioarteko militarrak daude.

Talibanen aldarrikapena

Gardezeko eta Jalalabadeko erasoak, biak ala biak, bere gain hartu dituzte gerrillari talibanek. Zabiula Mujahid gerrillari islamisten bozeramaileak eman dituen argibideak ez dira, haatik, agintariek zabaldutako datuekin guztiz bat etortzen. «Hamabost mudjahidin (gerrillari islamista) sartu dira Paktiako gobernuaren egoitzan, baita beste eraikin publiko batzuetan ere», adierazi du talibanen eledunak. Jalalabadeko base militarrean ere «lau mujahidinek» sartzea lortu zutela etabertako zein atzerriko «soldadu andana» hil zituztela adierazi du bozeramaileak.

Afganistango Gobernuko zein eskualdeetako aginteen egoitzen aurkako ekintza suizidak egiteari iaz ekin zioten talibanek. Adituen arabera, muturreko ekintzaileak dira eraso horien erantzuleak; Al Kaedak trebatutakoak, hain zuzen ere. Atzokoen aurretik, mota honetako azken oldar egiteak joan den maiatzean izan ziren Khost hirian. Gardeztik 70 kilometrora kokatua den hiri honetan, hainbat eraikin ofiziali erasotu zieten 11 ekintzailek. Orotara hogei lagun hil ziren eraso horietan.

Indarkeria olde hau gertatu zen egunean bertan, Afganistanen bisitan zen EB Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi komisario Javier Solana. Bezperan, aldiz, Pakistanen izan zen Solana. Hamid Karzai Afganistango presidentearekin bildu zen eta herrialdeari laguntza ematen jarraituko dutela prometatu zion Solanak: «Afganistango agintariek bakea, segurtasuna eta garapenaren alde egiten dituzten ahaleginak babestuko ditugu eta helburu hauek lortzearren laguntza ematen jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.