Duela astebete NATOk Helmanden (Afganistan) abiatutako Moshtarak operazioak uste baino zailtasun handiagoak ditu aurrera egiteko; Nick Carter NATOko komandanteak onartu du gutxienez hiru aste beharko dituztela «arrakasta» zein eskualdetan izan ote duten jakin ahal izateko, eta, 25 eta 30 egun bitartean, egoera «guztiz kontrolatua» eduki ahal izateko. Marja herrian erresistentzia puntuak topatzen ari direla jakinarazi du, eta euren bidea eragozten dutela; Talibanek errepide bazterrean jartzen dituzten bonbek dira uneotan eurentzat arrisku nagusi. Nas Ali herrian eta Bolaneko desertuan, alabaina, «garbiketa operazioak» egiten ari direla esan du Carterrek eta emaitzak Marjan baino hobeagoak direla.
NATOk jakinarazi duenez, sei soldadu hil ziren atzo talibanekin izandako enfrentamenduetan; horietako hiru bide bazterrean jarritako leherkariek eragin dituzte, hain zuzen, eta gainerakoak, arma txikien bala jaurtiketek. Sei horietatik bi Erresuma Batuko armadakoak dira.
Kalte-ordainak
Operazioa hasi zenetik 40 taliban, hamabost zibil eta NATOko hamabi soldadu dira. Kritika andana jaso ditu Aliantza Atlantikoak, hain zuzen, zibilak aintzat hartzen ez dituztela eta. NATOk berak okertzat jo izan ditu hilketak, eta sortutako kalteak konpentsatzeko, kalte-ordainak ematea aurreikusi du. Horrela, haur edo heldu bat hilez gero, 1.100 eta 1.800 euro arteko kalte-ordaina jasotzea dago; gorpuzkin bat galdu edo bestelako zauriren bat izanez gero, 450 eta 1.100 euro artean; ibilgailua hondatuz gero, 400 eta 1.800 euro artean, eta lur sailak hondatuz gero, 35 eta 180 euro artean.
NATOk jakinarazi duenez, herritarrekin shura -asanblada- ezberdinak egin dituzte, operazioaren inguruan iritzia jasotzeko. Informazioa jasotzeko, ordea, dirua jasotzearekin limurtzen dituzte; aipatu bilerak xantaia egin edo informazioa eman dezaten presio gisa erabiltzen dituztela salatu dute afganistandarrek.
Afganistango egoera kontrolatzeko hilabete behar izango du NATOk
Zibilen hilketak konpentsatzeko kalte-ordainak ematen hasiko dela jakinarazi du Aliantza Atlantikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu