Afganistango emakumeak indarkeriatik babesten dituen legea ez dela behar bezala betetzen salatu du Unamak, Nazio Batuen Erakundeak Afganistanen duen misioak. Unamaren arabera, hango ohitura sozialek eraginda, Poliziak ez ditu zigortzen emakumeen aurkako erasoak legeak eskatzen duen moduan, eta soilik indarkeria kasuen %7 ikertzen ditu.
Unamaren txostenak argitu duenez, ez dago genero indarkeriaren kasuak jasotzen dituen datu ofizialik jakiterik, eraso gehienak ez direlako erregistratu ere egiten. Dena den, Afganistango Giza Eskubideen Batzordeak emakumeen aurka zigortu gabeko 2.229 indarkeria kasu izan direla jaso du 2010ko irailetik 2011ko martxora bitartean, eta denak delituak dira Afganistango legearen arabera.
Zigortu gabeko kasuak salatzeaz gain, Afganistango tratu txarren aurkako lege neurriak zehaztu dituzte Unamak argitaratutako testuan. Hala, legeak zigortu egiten ditu ezkontzetarako emakumeen salerosketak, adingabekoen ezkontzak eta indarrez behartutako ezkontzak. Horrez gain, beste hamazazpi delitu ere jaso dituzte testuan; esate baterako, behartutako immolazioa, bortxaketak eta baad ohitura: familien arteko liskarrak konpontzeko emakume bat oparitzea.
NBEko Giza Eskubideen arduradun Navi Pillayren arabera, oraindik bide luzea dago egiteko Afganistango emakumeak genero indarkeriatik babesten dituen legeak benetan eragin arte: «Epaileak, fiskalak eta Polizia hasi dira legea betetzen Afganistango zenbait tokitan, baina emakumeen aurkako indarkeria kasuetan oso gutxitan erabili dute behar bezala».
Pillayren hitzetan, oraindik lan handia dago egiteko Afganistango emakumeak genero indarkeriatik erabat babesteko, eta eman beharreko lehen pausoa heziketa da: «Indarkeria salaketei erantzun egokia eman diezaieten, legea betetzen irakatsi behar zaie epaileei, poliziei, langileei, fiskalei».
Osatu gabeko legea
Unamaren esanetan, legearen arabera zigortutako kasu asko ez dira behar bezala epaitu, eta, gehienetan, salaketak kendu egin dituzte, xaria legea erabiliz. Xariari esker, hain justu, erasoa egin dutenak aske geldi daitezke. Pillayren arabera, legeak ez ditu babesten Afganistango emakumeak: «Legea bera egokitu behar da; izan ere, oraindik ez da onartu inolako babes neurririk etxetik ihes egiten duten emakumeentzat». Pillayrek azaldu duenez, etxetik ihes egiten duten emakumeak atxilotu egiten dituzte, «moralaren aurkako delitua» egiteagatik. Delitu hori da, hain zuzen ere, emakumeek jarritako salaketak atzera botatzeko epaileek erabilitako aitzakia nagusia.
Afganistango Giza Eskubideen erakundeko zuzendari Georgette Gagnonen ustetan, indarkeria zigortzen ez den artean ez da aurrerapenik egingo Afganistango emakumeen eskubideen alde.
Afganistango genero indarkeria sistematikoa salatu du NBEk
Unama misioak salatu du emakumeen aurkako 2.229 indarkeria kasu jaso dituela 2010 eta 2011 bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu