Afganistango hegoaldeko hiri bat berreskuratu du gerrilla talibanak

Legebiltzarrak 25 urtean gerran aritutakoei amnistia ematea onartu du; NBEk neurria salatu du

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2007ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Afganistango Gobernuak kontrola galdu du Helmand herrialdeko hiriburu Musa Kalan, hegoaldean.Ostegunean ehunka taliban sartu ziren hirira,Abdul Ghafar mula buru zutela,eta segurtasun indarrei armak kendu ondoren hura hartu zuten. Duela hiru egun Musa Kala inguruan NATOko tropek ustezko talibanen basea suntsitu zuten, eta Abdul Ghafar buruaren anaia hil zuten. Iazko urrian alde egin zuten Musa Kalatik NATOko tropek, tribuetako arduradunekin akordio polemiko bat egin ondoren. Tribuetako arduradunek segurtasunaz arduratuko zirela agindu zuten, eta su-eten akordioa egin zuten talibanekin.

Zer gertatzen ari den ez daude oso ziur, baina Zemarai Bashary Barne Ministerioko bozeramaileak atzo esan zuenez, «erabat hartuta ez dagoen arren, tribu arduradunek sekulako presioa dute».

Pakistango presidente Pervez Musharrafek, berriz, Afganistandik talibanak ez igarotzeko muga minatzeko asmoa baztertu egin du nazioarteko presioengatik.

Bien bitartean, Afganistango Legebiltzarrak amnistia legea onartu zuen joan den asteazkenean, azken urtean egon den indarkeriaren gorakada gutxitzeko asmoz. Herriaren 25 gerra urteetan aritutakoak aske utziko dituzte, talibanak barne, eta erabaki horrek giza eskubideen taldeen kritika eragin du. Atzo Nazio Batuen Erakundeak (NBE) salatu zuen gerra hilketetan parte hartu zuten guztiei amnistia ematea.

Bestalde, gutxienez 12 miliziano hil zituzten poliziek atzo, Fara herrialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.