Afganistango mendebaldean dagoen Fara probintziako Golestan barrutiaren kontrola eskuz aldatu da ordu gutxitan, Poliziak jakinarazitakoaren egia bada. Uste da tokiko tribuetako buruzagiek barrutiaren kontrola zuten ekintzaile talibanekin bitartekari lanak egin zituztela Golestan barrutiko egoitza nagusia uzteko.
Orain arte Afganistango hegoaldean eta ekialdean jardun dute gehienbat ekintzaile islamista talibanek, eta hilabeteotan izandako borroketan ehunka ekintzaile, soldadu, polizia eta zibil hil dira. Haatik, herrialdearen mendebaldean, Fara probintzian, talibanek fronte berria irekiko zuten beldur dira agintariak eta AEBak buru dituzten okupazio indarrak. Izan ere, ondo armatutako ehunka ekintzailek hartu dute parte aste honetan Faran izandako borroketan, iturri ofizialek azaldu dutenez.
Golestango poliziaburu Saied Aka Sakiben esanetan, talibanak barrutiaren egoitza nagusiaz jabetu ziren ostegunean. Erasoan gutxienez polizia bat hil zen, baina ez dago argi ekintzaileen artean biktimarik izan zenetz. Asteazkenean lau polizia eta lau ekintzaile hil ziren probintzian.
«ISAF-EK TROPA GEHIAGO BEHAR DITU». Bestalde, NATOren Batzorde Militarreko presidente Raymond Henaultek herenegun Lisboan (Portugal) nabarmendu zuen espero zuela erakundearen estatu kideek eginahalak egingo dituztela Afganistango misioa, ISAF indarrena, tropa gehiagorekin sendotzeko.
«Erresistentzia uste baino handiagoa da eta ISAFek tropa gehiago behar ditu».
Afganistango Poliziak dio berriz hartu duela talibanek eskuratutako barrutia
Ekintzaile islamistek Fara probintziako barrutia menderatu eta ordu gutxira aldatu da eskuz eremua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu