Afganistan

Afganistango presidentearen anaiaren hilketa bere gain hartu dute talibanek

Hamid Karzaik esan du hilketak afganistandarren eguneroko kontua dela eta martir egin dutela bere anaia. Kandaharreko Probintziako Kontseiluko presidentea zen, eta gaur goizean hil du bere bizkarzainetako batek.

2011ko uztailaren 12a
12:18
Entzun

Hamid Karzai Afganistango presidentearen anaia Ahmad Wali Karzairen hilketa bere gain hartu dute talibanek. "Gure lorpen handienetako bat da. Bere anaia bezala, Afganistanen aurkako jardueretan nahastuta zegoen. Gainera, harreman zuzena zuen inbaditzaile atzerritarrekin", esan du Jusuf Ahmadi talibanen bozeramaileak.

Gaur goizaldean hil dute presidentearen anaia, herrialdearen hegoaldean atentatu batean. Iturri ofizialen arabera, bere bizkarzainak hil du, etxean. Bizkarzaina izateaz gain, Sardar Mohamed ustezko hiltzailea, laguna ere bazuela gaineratu dute iturri horiek. Ustezko hiltzaile atxilotu duten ez dute baieztatu oraindik.

"Nire anaia txikia martir bihurtu da gaur bere etxean. Horixe da afganistadarron eguneroko kontua. Egunen batean familia guztiak jotzen dituen miseria hori amaitzea espero dut", esan du Hamid Karzai presidenteak anaiaren hilketaren berri jakin ostean, Nicolas Sarkozyrekin batera aurretik lotuta zuen agerraldi batean.

 

Opio trafikoarekin eta CIArekin nahastuta

Kandaharreko Probintziako Kontseiluko presidentea zen Ahmad Wali Karzai. Aurretik ere zenbait eraso jasan zituen. 2009ko maiatzean esate baterako Jalalabaden beste atentatu bat jasan zuen, eta orduan bizkarzainetako bat hil zen. Albiste agentzien arabera, opio trafikoaren arduradun nagusietako bat zen, eta AEBetako zenbait hedabidek ustelkeriarekin ere lotu zuten.

The New York Times egunkariaren arabera, CIArentzat soldatapean egiten zuen lan. Berak, ordea, akusazio hori ukatu egin zuen: "Prest nago gezurrak atzemateko gailu batekin hori esateko. Errugabea naiz. Norbaitek nire sendiaren dirua munduko bankuren batean aurki badezake, beretzat har dezake".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.