Ekialde Hurbila

Afganistango presidentearen aurkaria arduratuko da bake prozesuaz

Axraf Ghanik eta Abdullah Abdullahk akordio bat egin dute krisi politikoa amaitzeko: batasun gobernu bat eratuko dute. Talibanek gutxienez zazpi lagun hil dituzte eraso suizida batean.

Abdullah eta Ghani, atzo, akordioa sinatzeko ekitaldian. EFE
ander perez zala
2020ko maiatzaren 18a
12:00
Entzun

Axraf Ghani Afganistango presidenteak eta Abdullah Abdullah haren aurkari politikoak amaiera eman diote iragan iraileko hauteskundeetatik sorturiko desegonkortasun politikoari. Bi agintariek adosturiko itunaren arabera, datozen egunetan batasun gobernu bat eratuko dute, eta Abdullah saiatuko da egoera txarrean dagoen bake prozesua bideratzen. «Gaurkoa egun historikoa da Afganistanentzat. Afganistandarrek frogatu dute beren interes nazionaletan oinarritu daitezkeela, eta horiekiko konpromisoa dutela», adierazi zuen atzo herrialdeko presidenteak.

Bake politikoa lortzeko, Ghanik boterearen parte bat eman behar izan dio bere aurkariari. Akordioaren arabera, Abdullah gobernuaren buruzagia izango da, 2014tik 2019ra bezala, eta, berritasun gisara, Berradiskidetze Nazionalerako Kontseilu Gorenaren ardura hartuko du, talibanekiko bake prozesua gidatzeko. «Egun, herrialdearen lehentasuna bakea da. Talibanek frogatu beharko lukete borondate ona dutela, beharrezko konfiantza sortzeko eta aukera historiko hau baliatzeko», ohartarazi zuen kontseilu horren buru izango denak.

Talibanek eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB) iragan otsailean sinaturiko akordioaren arabera, AEBek eta harekin nazioarteko aliantza eratu duten herrialdeek beren tropak aterako dituzte Afganistandik hamalau hilabeteko epean; Etxe Zuriak konpromisoa hartu zuen Afganistanen dituen 14.000 militarretatik 8.600 erretiratzeko, akordioaren onarpenetik 135 egun betetzen direnerako.

Gobernuaren eta integrista suniten arteko elkarrizketak, berriz, ez du fruiturik eman, besteak beste presoen trukea espero baino mantsoago doalako. Gainera, talibanek ez dituzte erasoak eten, eta gutxienez 120 lagun hil eta 350 zauritu dituzte hilabeteko epean, gobernuaren datuen arabera; gaur, esaterako, beste eraso suizida bat egin dute, eta gutxienez zazpi lagun hil dituzte. Hori ikusirik, Ghanik iragan astean eskatu zien militarrei «defentsa aktiboa» uzteko eta erasoaldira itzultzeko.

Hizketei begira, herrialdeko presidenteak uste du Abdullahk «era egokian» gidatuko dituela negoziazioak, lehenik su-eten bat lortu eta gerora bake iraunkor bat eskuratze aldera. Lehen pausoa presoen afera konpontzea izango da; izan ere, talibanek martxo hasieran ohartarazi zuten preso guztiak askatzean itzuliko zirela negoziazio mahaira, eta, presio gisara, AEBek 925,4 milioi euroko diru laguntza etetea erabaki zuten. Koronabirusak sorturiko osasun larrialdia kontuan hartuta, Kabulentzat berebizikoa bilakatu da egoera aldatzea.

Karguen banaketa

Bi agintarien akordioaren xehetasunen zain, Abdullahren aliatuak koalizio gobernuan sartuko dira, eta, lehen informazioen arabera, Barne, Justizia, Lan eta Industria ministerioak lor ditzakete. Abdul Rashid Dostum Afganistango presidenteorde ohi eta Ghaniren aurkariari ere postu bat gorde diote: Segurtasunerako Kontseilu Nazionalaren kide izango da, eta dekretu bidez mariskal izendatuko dute.

Horrez gain, bi agintariek adostu dute hauteskunde sistemaren erreforma egitea —besteak beste, alderdien legea aldatzeko—, krisi politikoa berriz has ez dadin. Iragan otsailean publiko egindako emaitza ofizialen arabera, Ghanik irabazi zituen iraileko presidentetzarako hauteskundeak, baina Abdullahk ez zituen onartu emaitzak, eta, harrez geroztik, herrialdeko presidentearen aurka aritu da.

Tentsioa erabatekoa izan zen: herrialdeko presidentearen aurkariak iruzur egitea egotzi zion hauteskunde batzordeari, eta estatuburu karguaren zina egiteko ekitaldi alternatibo bat ere antolatu zuen. Bigarren aldia da bi agintari horiek krisi politiko baten protagonista direla, 2014ko bozen ostean antzeko liskarrak izan baitzituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.