AFRIKA. MUGA LERROEN GATAZKA. Inperialismoaren gutiziak

Europak ezarritako mugak ia bere horretan diraute Afrikan, eta bai muga horiek mantentzeak bai zehazteak gatazkak eragin ditu; arbitratze auzitegiak autoritate gutxi badu ere, Hagara ere jo izan dute irtenbide bila.

2009ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Europako monarkiaren aurrean Kamerun eta Nigeria artekomugak marrazten imajinatzen ditu Basil Davidson Erresuma Batuko historialari eta idazle ezagunak. Kontsulak gustura ageri dira Afrikan jarritako lerro gorri-urdinekin; 1914ko errege-erreginek egindako harrera da. «Azken egunetan arkatzak eskuan jardun dugu, eta lerro gorri hori Calabar zaharrarena izango dela erabaki dugu; urdinez dagoena, berriz, Yolarena». Erregeen audientzian ez, bere tribuak inguratuta imajinatzen du gero Yolako emirra. Eta hobe horrela, pentsatzen du Davidsonek. Emirrak bere lurra arkatz urdin batek zeharkatu duela ez jakitea gauza ona delakoan dago.

Afrikako mugak, lurraren gainean ohiz ageri ez diren lerro imajinarioak, duela mende inguru ezarri zituen Europa inperialistak. Eta estatu independente bihurtu zirenetik, horixe da kontinente beltzeko herrialdeen legatu: eurak aintzat hartu gabe ezarritako mugei eustea. Ia kapritxoz osatutako mapa horrek, izan ere, ez du aldaketa handiegirik izan. Estatu berriek euren mugak errespeta ditzaten aginduz, Afrikako Batasunak berak ere hainbat ebazpen eman ditu; aldatzeak are gatazka gehiago eragingo dituen beldur uti possidetis printzipioa aldarrikatu du -independentzia lortzean herrialde bakoitzak zituen mugako lerroek bere horretan iraun behar dutela agintzen du nazioarteko zuzenbideko printzipio horrek-. Marokok eta Somaliak soilik aldatu dituzte muga kolonialak; Afrikan horiek dira salbuespen bakarrak.

Gauzak bere horretan uztearen aldeko hautuak, dena dela, ez ditu gatazkak saihestu. Gutiziaren arabera erabakitako lurralde banaketak, izan ere, giro aproposa sortu du halakoetarako. Adituen arabera, mugena izan da Afrikan odoluste gehien eragin duen auzia: Mendebaldearen erabaki arbitrarioek etnien arteko gerrak piztu dituzte, baita natur baliabideak lortzeko zailtasunak areagotu ere. Eta horrekguztiak kontinentea desestabilizatzea ekarri du. Richard A. Griggs adituaren iritziz, estatuak nazioekin bat ez etortzea da gerra zibilen, genozidioen eta kontinente beltzean bizi dituzten gaitz guztien erantzule.

Muga lerro zuzenegiak

Ia Afrikako estatu guztiak dira Europako kolonialisten kreazio lanak. Etiopia da salbuespena; bere independentziari eusteko azkenera arte borrokatu zen herrialde bakarra da. Ez da, horregatik, muga gatazketatik salbu. Etiopiako mendebaldeko mugako lurrak Sudanen esku jartzeko, bi herrialdeek hitzarmena sinatu zuten iaz. Azkenaldian polemika handia eragin du auzi horrek, oposizioak isilka eta herritarren iritzia aintzat hartu gabe herrialdeko lur emankorrenak opari ematea leporatu baitio Etiopiako Gobernuari.

Eta Eritrea eta Sudanen arteko gerra (1998-2000) formalki Aljerko akordioekin amaitu bazen ere, hura piztu zuen auziak oraindik orain bizirik jarraitzen du. Hor du beste frontea zabalik Addis Abebako Gobernuak.

Afrika osoan dira, dena dela, muga lerroak zuzenegiak, eta, hortaz, arazo iturri. Eskala handian ondo ematen dute, izan ere, baina txikian gauzak oso bestela dira. Mugak lauso agertzen dira hor; eta egunerokoan arazo ugari sortzen ditu horrek. Meatze ikerlariei gertatu zaie, besteak beste, gobernu batekin meategi bat ustiatzeko kontratu bat sinatu eta lanean hasi ondoren, ustiapen eskubideak beste herrialde batenak zirela ohartzea. Dozenaka dira elkarri kontraesaten dioten akordioak, beraz; horien balio legala ezagutzeko lan nekeza egin behar izan dute adituek.

Haga, mugak zehazten

Lur gaineko lerroak lausoak badira, are gehiago itsasokoak: Afrikako mendebaldeko kostako 33 mugetatik zazpitan besterik ez dago adostasunik gaur. Ez luke horrek arazo larriegirik sortu behar, ez bada, eremu horretan petrolioa dagoelako. Eta hor koska. Mugak bide baketsuen bidez erabaki ordez -adituen ustez, prozesu hori aberasgarria izan liteke-, indarkeriara jo izan baita ohiz halako natur baliabide preziatuak eskuratzeko.

Bakassi penintsulako (Kamerun) gatazkari emandako irtenbidea eredugarri da, horregatik. Nigeriak eta Kamerunek, biek, eurena egiten zuten lur zati hori. Hala, bi aldeak ezin ados jarri, Hagara jo zuten (Herbehereak), han bertan egoitza duen Arbitratze Epaitegi Iraunkorrak mugak zehaztu zitzan. 2002an eman zuen horrek erabakitakoaren berri: Bakassi penintsula Kameruni zegokion.

Alabaina, Bakassi auzia konpondu izana ez da Hagako auzitegiaren meritua. Autoritate urria du nazioarteko justiziak halako auzietan. Adituen ustez, han erabakitakoek ez dute aurrera egiteko aukera handiegirik izaten Afrikan, ez bada horren aitzakian, bi aldeak negoziazio mahaian eserita ados jartzea lortzenbadute. Eta Bakassikoan, aitzakia izan zen; Nigeriak iaz erretiratu baitzituen penintsulan zituen azken soldaduak.



Zer da Hagako Arbitratze Auzitegi Iraunkorra?

Nazioarteko Justizia Auzitegia bera baino lehen eratu zuten, Hagan, 1899an. Nazioarteko gatazkak ebazteaz arduratzen den erakunderik zaharrena da. Ez da auzitegi bat formalki, baina horren erabakiak bete beharrekoak dira, aldeek auzia ebaztea auzitegiaren esku uztea erabakitzen duten une beretik.





420

Itsasoen arteko mugak munduan. Itsasoak asko dira munduan, baina gehiago dira horien arteko mugak. Ez dute kopuru zehatz bat osatzen, zehaztu ahala sortu baitoaz. Egun, 420 inguru direla uste da; baina horietatik %30 baino gutxiago daude zehaztuta.





Abieiko gatazkaren kronologia

1905. Bahr al Gazalen administraziopean zegoen lur zati bat Kordofan probintziaren esku utzi zuten; orduan eman zioten eskualdeari Abiei izena. Han Ngok Dinka izenez ezagunak diren herritarrak bizi ziren.

1956. Sudanek independentzia eskuratu zuen. Urte horretan bertan lehen gerra zibilak egin zuen eztanda; Ngok Dinkak hegoaldeko errebeldeekin lerratu ziren. Egun, errebelde izandako horiek dira Hego Sudango Gobernuaren jabe.

1972. Addis Abebako akordioarekin amaitu zen hamasei urteko guda. Abieiri erreferendum bidez hegoaldearekin bat egiteko eskubidea aitortu zioten.

1983. Bigarren gerra zibila hasi zen. Erreferenduma egiteko aukerarik eman ez izanak eragin zuen, neurri handi batean.

2004. AEBek prestatutako protokolo bat sinatu zuten Ipar eta Hego Sudanek. Erreferendum eskubidea berresten zen bertan. Abieiko mugak ezartzeko ziren oraindik.

2005. Bigarren gerra zibila amaitu zen, Erabateko Bake Akordioari esker. Abieiko eskualdeko mugak ezarri ziren.

2008. Borrokak izan ziren beste behin; bake akordioa indarrean egonda ere.

2009. Arbitratze Auzitegi Iraunkorrak eskualdearen mugak berriro ezarri ditu.





Abieiko bakeak gerra usaina du

Arbitratze Epaitegi Iraunkorrak Sudango eskualde gatazkatsu bateko mugakezarri ditu berriro
I. Zubiaurre.

Hagako Arbitratze Auzitegi Iraunkorrak Abieiko mugak zehaztu berri ditu. Ez da handia eskualde hori; Sudan osoa aintzat hartuta ehuneko bat besterik ez; baina ez da huskeria ere, herrialdeko petrolio putzu handienak linbo geografiko horretan baitaude. Ipar eta Hego Sudanen artean, mugako eskualde izatea tokatu zaio. Eta ez iparraldean ez hegoaldean, erdian paratu zutelako, baina petrolio preziatuaren jabe delako bereziki, gatazka armatuluzeegia sufritu dute hango bizilagunek.

Haatik, Hagan marraztutako mapak bi aldeak askietsi ditu-ebazpena jakin eta egindako adierazpenei begiratu azkar bat emanda hala dirudi-. Eskualdea bera txikiagoa da orain; eta zituen petrolio putzu handietatik bi ere galdu ditu: Heglig eta Bamboo hobiak jada ez dira Abieiko muga lerroen barruan ageri, orain Ipar Sudanen esku dira. Gainerako petrolio hobiak nork ustiatu ahalko dituen, berriz, hemendik bi urtera egingo duten erreferendumean argituko da. Khartumgo eta hegoaldeko gobernu autonomoaren menpeko egiten diren erabaki beharko dute orduan Abieiko herritarrek.

Ez Ipar Sudan ez Hego Sudan

Abieiko estatus geografikoa, eta, hortaz, juridikoa, ez da inon ageri; Abiei Sudanen da, bai, baina zein gobernuk kontrolatzen duen inork ez daki oraindik -eskualdearen kontrola eurenganatzeko 22 urte luzez borrokatu ziren Khartum eta hegoaldeko gobernu autonomoa-. Eta badirudi iparraldea eta hegoaldea bereizten dituen lerroa hantxe loditzen dela; hala, muga lerroko eskualde baten itxura du gaur egun. Gerra zibilak horretarako eman baitzuen, bakearen izenean eskualde baten geroa zintzilik uzteko.

2011n Abieiko herritarrek herri galdeketa egin ahalko dute, bataren edo bestearen alde lerratzeko, eta, beraz, berriro mugak non jarri erabakitzeko; alegia, edo iparraldearekin edo hegoaldearekin bat egiten duten erabakitzeko. Egun berean dute egitekoa Hego Sudango erreferenduma ere, lurralde autonomo izaten jarraitu edo herri independente bihurtzeko. Azken horretan erabakitzen dena erabakitzen dela ere, beraz, Abieiren geroan eragingo du. Horregatik, hirugarrenez mugak zehaztea tokatuko zaie urte gutxian; orduan ezarri beharrekoak, ordea, nazioarteko muga lerroak izango dira segur aski.

Ipar eta Hego Sudango gobernuek Hagan egindako bitartekaritza lana txalotu dute, eta han erabakitakoa errespetatzeko konpromisoa agertu. Bakearen aldeko adierazpenei gerra usaina hartzen dienik bada ordea. Izan ere, arma sofistikatuenak eskuratzeko azken hilabeteetan bi aldeek egindako ahaleginak ez dira alferrekoak. Eta Abieitik hurbil, hego eta iparraldetik,militarrak presente daude oraindik ere.

Dinka Ngok eta Misserija

Erreferendumaren egunera arte bake giroan iristerik izango duten, horixe baikorrenek ere zalantzan jartzen dute; herri galdeketa horretan nork parte hartuko duen ere auzi gatazkatsu bihurtzen hasia baita. Eta Hagak emandako irtenbideak badu horren harira hutsunerik -halakoak konpontzea, segur aski, bere eskumena izan ez arren-: mugak non jarri ebazteko petrolioa presente hartu du nazioarteak, ez hainbeste, akaso, biztanleak.

Beren bizimoldeari eutsiko badiote, izan ere, Misserija izenez ezagunak diren artzainei mapako lerroez gaindi mugitu ahalko duten axola zaie petrolioa bera baino gehiago, edota Dinka Ngok tribukoek lez, galdeketan parte hartzerik izango duten. Horrek zintzilik jarraitzen du, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.