Protestak herrialde arabiarretan

Afrikako Batasunak Libiako ordezkaritzat onartu du trantsiziorako kontseilua

Obamak adierazi du «eredugarria» izan dela Muammar Gaddafiren erregimenaren aurkako esku hartzea

mikel rodriguez
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafiren erregimenak gotorleku bakan batzuen kontrola baino ez du Libian, eta nazioartean, oraindik gelditzen zitzaizkion sostengu eskasak zeharo murriztu zaizkio, Afrikako Batasunak erabaki baitu erreboltarien Trantsiziorako Kontseilu Nazionala onartzea Libiako ordezkari gisa. Erabakiak harridura sortu du, iragan astean bertan Afrikako Batasuneko zenbait herrialde matxinoak NBE Nazio Batuen Erakundean Libiako ordezkari onartzearen aurka agertu baitziren. Batasunak berak bozketa gibelatzeko eskatu zuen. Hala ere, Afrikako Batasunak adierazi du erreboltariek «herrialdearen batasunari eta alde guztien arteko akordioari» lehentasuna emateko borondatea agertu dutelako onartu dituztela.

Gaddafi eragin handiko buruzagia da Afrikako Batasuneko liderren artean, bertzeak bertze erakundearen bultzatzaile nagusietako bat izan zelako eta Afrikako herrialde anitzetan inbertsio handiak egin zituelako. Horregatik, NATOren esku hartzearen aurka agertu zen Afrikako Batasuna, eta gatazka konpontzeko bi aldeen elkarrizketa bideratzen saiatu zen, bide orri bat proposatuz. Jacob Zuma Hegoafrikako presidentea iragan maiatzean Libian izan zen, Afrikako Batasunaren izenean bitartekari lanak egiteko.

Erakunde horretan Gaddafiren aldekoen ahots nabarmenena izan da Zuma, baina iragan astean adierazi zuen Libiako berreraikitze prozesuan Afrikako herrialdeek ere parte hartu behar luketela. Europako Batasunarekin bilera izan zuen Zumak, eta Afrikako Batasunaren jarrera aldatutako zantzuak eman zituen. ALBA Amerikarako Aliantza Bolivartarra da orain Libiako matxinoak onartzearen aurka dagoen indar nagusia.

Matxinoen presidentea, NBEn

Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak nazioartean jasotako onarpen zabala atzo irudikatu zen, NBEren 66. Batzar Nagusian Libiako ordezkari izan baitzen lehen aldiz. Mustafa Abdeljalil presidenteak bilera bat izan zuen matxinoen aliatuekin eta Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiarekin. Abdeljalilek adierazi zuen 25.000 lagun hil direla erregimenaren aurkako gerran.

Barack Obama AEBetako presidentea ere bileran izan zen. Libiako esku hartzea irmo defendatu zuen, eta, haren ustez, nazioartearentzat «eredugarri»» bihurtu da. «Herrialde gehiagok hartu dituzte erronka globalei aurre egiteko ardura eta kostuak». Bileran hitzaldia ematekoa zen Obama, baina Etxe Zuriak horren edukia aurreratu zuen. Bertan, Gaddafiren aurkako zigorrak baliogabetu ondotik AEBek «aliantza berriak» ezarriko dituztela dio presidenteak, Libiaren «potentzial ekonomikoa» lortzeko.

«Urteetan» eusteko armak

«Libiako herria mehatxupean dagoen artean» NATOk han jarraituko duela ohartarazi du Obamak. Hain zuzen, aliantza militarrak Gaddafiren azken gotorlekuen bonbardaketekin jarraitu zuen atzo, Bani Ualiden, Surten eta Sabhan. Azken hiri horretan matxinoek aireportua hartu zuten herenegun. Erregimenaren bozeramaile Musa Ibrahimek adierazi du erasoaldiei «urteetan» eusteko adina arma dituztela beren indarrek. Gaddafik berak, berriz, erregimenaren sistema politikoa defendatu du Siriako telebistan emandako mezu batean. «Herriaren boterean oinarritzen da, eta ezinezkoa da hori ezabatzea». Matxinoek aitortu dute ez dakitela koronela non dagoen. Humans Rights Watchek, berriz, gatazkan salatutako sexu gehiegikeriak ikertzeko eta biktimei laguntza emateko eskatu dio Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.