Afrikako Batasunaren 5.000 soldadu Joseph Konyren bila ari dira

Ugandako LRA talde armaturako haurrak errekrutatu zituen; ABk uste du Afrika Erdiko Errepublikan dagoela

Erredakzioa
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
AB Afrikako Batasunak 5.000 soldadu jarri ditu Joseph Konyren bila. Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko agindua eman zuen 2005ean, gerra krimenak egitea leporatzen baitio LRA Jaungoikoaren Erresistentziako Armadaren buruzagiari. Besteak beste, talde armaturako haurrak errekrutatu izan ditu Konyk. 2005etik ihes egin da dago, baina ABk uste du Afrika Erdiko Errepublikan egon daitekeela.

Joseph Konyren izenak munduari bira eman dio, martxoa hasieran, AEBetako Invisible Children erakundeak haren aurkako Kony 2012 filmak sarea astindu duenetik. Bi astean kasik 85.000.000 lagunek ikusi dute bideoa. AEBetako soldadu talde bat Ugandan dago Kony harrapatzeko bertako armadari «aholku eta laguntza» ematen. 2012anAEBetan egingo dituzten presidentetzarako bozen ondoren misioa amaitutzat ez ematea da kanpainaren helburua, erakundeak azaldu duenez. Bideoak, baina, kritika ugari jaso ditu. Errealitatea faltsutzea egotzi diote, batetik. Bestetik, kanpainaren helburua dirua lortzea dela esan dute askok eta askok. 48 orduan bost milioi eurotik gora lortu zituen Invisible Childrenek.

ABk, baina, Kony atxilotzeko misioak kanpainarekin zerikusirik ez duela esan du, eta bideoa sarean jarri aurretik planeatu zutela. Ugandako soldaduek gidatuko dute taldea, baina Hego Sudango, Kongoko Errepublika Demokratikoko eta Afrika Erdiko Errepublikako soldaduek ere hartuko dute parte. Operazioa Kony harrapatu edo «nolabait neutralizatu» ondoren amaituko da, ABko ordezkari Francisco Madeiraren esanetan.

Nazioartearen laguntza

AEBetako ehunka soldadu aholku lanetan ari badira ere, laguntza handiagoa eskatu dio nazioarteari Crispus Kiyonga Ugandako Atzerri ministroak. Teknologia eta ekipamendu gehiago behar dituztela esan du. «Gure soldaduak distantzia handiak egin behar dituzte, oinez gehienetan. Airez egiteko ahalmena bagenu, azkarrago amaituko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.