Protestak herrialde arabiarretan

Afrikako Batasunaren bide orria baztertu dute Libiako matxinoek

Gaddafik eta haren hurbilekoek boterea uztea exijitzen ez duelako, proposamenari uko egin diote erreboltarien buruekSu-etenak «sinesgarria» eta «egiaztagarria» izan behar duela aldarrikatu du NATOk

mikel rodriguez
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Afrikako Batasunaren ordezkaritza Bengazin izan zen atzo, Libiako matxinoen hiriburuan, horien behin-behineko gobernuari,Trantsizioko Kontseilu Nazionalari, bake prozesu bat abiarazteko bide orria proposatzeko. Matxinoek, ordea, ezezkoa eman diote, haiek paratutako oinarrizko baldintza ez duelako kontuan hartzen; hain zuzen, Muammar Gaddafik, haren sendiak eta hurbileneko laguntzaileek boterea uztea. Horregatik, Afrikako Batasunaren bide orria «garaiz kanpo» ikusten du Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko presidente Mustafa Abdeljalilek. Afrikako Batasunak herenegun aurkeztu zion bide orria Gaddafiri, eta diktadoreak onartu egin zuen.

Bide orriak bortz puntu nagusi ditu: berehalako su-etena, giza laguntza bermatzea, atzerritarrak babestea, akordio politikoa lortzeko elkarrizketak hastea eta NATOren aire erasoak bertan behera uztea. Hegoafrikako presidente Jacob Zumak zuzendu du ordezkaritza, eta harekin izan dira Mohamed Ould Abdel Aziz Mauritaniako presidentea, Amadou Toumani Toure Maliko presidentea, Denis Sassou Nguesso Kongoko Errepublikako presidentea eta Henry Oryem Okello Ugandako Atzerri ministroa. Zuma, ordea, ez da matxinoekin bileran egon, eta Tripolin Gaddafirekin elkartu ondoren Libia utzi du. Gainerakoak Bengaziko hotel batean elkartu dira Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko kideekin, eta kanpoaldean hiru mila lagun inguruk manifestazioa egin dute, Gaddafiren eta erregimenaren aurkako leloekin.

Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak bide orria aztertzeko asmoa iragarri zuen hasiera batean, baina jarrera eszeptikoa mantenduz betiere, Gaddafi eragin handiko agintaria izan delako Afrikako Batasunean. Abdeljalil matxinoen kontseiluko presidenteak adierazi du Afrikako agintariek egindako bitartekaritza ahalegina baloratzen dutela, baina alferrikakotzat jo du Gaddafik boterea uzteko «herri eskaria» kontuan hartzen ez duen ekimen oro. «Ez dugu gure martirien odola negoziatuko; haiekin hilko gara, edo irabazi eginen dugu. Eta azken hori lehenago edo geroago lortuko dugu». Matxinoek bi aukera ezarri nahi dizkiote Gaddafiri: herrialdea uztea bata; bertzea, berriz, bertan gelditzen bada, bai Libian, bai Hagan epaitua izatea.

Erreformen aurka

Matxinoen asmoa Libiako erregimena deuseztatzea da, eta Afrikako Batasunak hori proposatu ez duenez, bertze hutsune bat ikusi diote bide orriari. «Ekimenak sisteman erreformak egiteko beharra aipatzen du, baina hori baztertuta daukagu», azaldu du Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko bozeramaile Abdelhafiz Gogak.

Dena den, matxinoen erakundearen azken erabakia ez da ezustekoa izan, bileraren aitzinetik Afrikako Batasunaren proposamenarekiko adierazpen ezkorrak egin baitituzte Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko zenbait kidek. Shamsiddin Abdulmolak, adibidez, Gaddafik su-etena onartzeari garrantzia kendu dio. «Munduak arestian ere ikusi ditu su-eten eskaintza horiek, eta handik ordu laurdenera tiroka hasi dira berriro». Abdulmolak aipatu duenez, matxinoen bertze ezinbertzeko eskakizuna da erregimenaren menpeko hirietan «adierazpen askatasuna» errespetatzea. Erreboltarien ustez, hori bermatuz gero, Tripolin eta gainerako hiri nagusietan herritarrak karrikara aterako dira, eta, horren ondorioz, erregimena «denbora gutxian» eroriko da.

Afrikako Batasunaren bide orriaren puntu batean NATOri aire erasoak gelditzeko eskakizuna egiten zaio, baina Anders Fogh Rasmussen aliantzako idazkari nagusiak azaldu du erakunde hori ez dela NATOrekin harremanetan jarri. Hala ere, Afrikako Batasunaren ekimena eskertu du, eta duela egun batzuk egin bezala, erran du gatazkak ezin duela eduki «irtenbide militar hutsa». Idazkari nagusiaren arabera, negoziazioek «beharrezko erreforma politikoak» erdietsi behar dituzte, «Libiako herriaren bidezko nahiak» betetzeko. Rasmussenek ez du zehaztu, ordea, NATO prest egonen litzatekeen Gaddafik botereari eusteko aukera onartzeko.

AEBen neurri negozia ezinak

Su-etenak, berriz, «sinesgarria» eta «egiaztagarria» izan behar duela aldarrikatu du Rasmussenek, gogora ekarriz Gaddafik behin baino gehiagotan aldarrikatu duela menia.

AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek erregimenarekin negoziagarriak ez diren neurriak aipatu ditu: su-etena, «indarrez hartutako» posizioetatik erretiratzea eta setiatutako hirietan oinarrizko gaien hornikuntza bermatzea. Gaddafik boterea uztea nahi dutela erran du Clintonek, baina hori ez du negoziagarriak ez diren baldintzekin aipatu.

Negoziazio ahaleginak eta mugimendu diplomatikoak gertatzen ari diren arren, horiek ez dute inolako fruiturik eman. Horren adibide da Misratako egoera, mendebaldean Gaddafiren indarrek setiatuta daukaten hiriarena. Hiriko herritar batzuek hedabideei azaldutakoaren arabera, erregimenak bonbardaketa gogorrak egin zituen atzo. Soldaduak hiriko bide nagusira, Tripoli etorbidera, iritsi direla diote.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.