AEB Ameriketako Estatu Batuek, Alemaniak, Frantziak, Italiak, Japoniak, Kanadak, Errusiak eta Erresuma Batuak osatzen dute G8a. Gaur, eta ostiralera bitartean Afrikako herrien kanpo zorra eta pobrezia izango dituzte hizketagai nagusi. Lehen ministro Tony Blair izango da moderatzailea.
Joan zen asteburuan hasi ziren goi bilerako gaiak eztabaidatzen. Herrialde bakoitzak du bere iritzia eta ez dirudi akordioa lortzea erraza izango denik. "Agintariek Afrikari eta klima aldaketari buruz hitz egiten jarraitzen dute. Badira, oraindik, argitu beharreko auziak", azaldu zuen Erresuma Batuko Atzerri Ministerioko idazkariorde Michael Jayk.
Afrikari dagokionez, hiru gaietan oinarritzen da eztabaida; zorra, laguntza eta merkatal harremanak. Adituen arabera, atzerriko diru laguntzak inolako kontrolik gabe banatzen dira, eta maiz, buruzagien esku geratzen dira. Kongoko Errepublika Demokratikoa da horren adibide. 1975 eta 1997 artean 9.300 milioi dolar eman zizkioten, baina gehiena orduko diktadore Mobutu Sese Sekoren esku geratu zen.
Zorrari dagokionez, G8ak Afrikako 18 herrialderi kanpo zorra barkatzea hitzartu zuen joan zen hilean. Laguntzei dagokienez, berriz, Berlin izango da oztopo gehien jarriko dituena. Alemaniako kantziler Gerhard Schroeder ez dator bat datozen bost urteetan herrialde txiroentzako diru laguntzak bikoiztearekin. Era berean, Afrikan ustelkeriaren kontrako egitasmoak bultzatzeko ere eskatuko du. Hala ere, Italiako lehen ministro Silvio Berlusconi eta Putin alde izango ditu Blairrek negoziazioetan.
AEBak aurkari nagusi
"Ez noa G8ra Blairren izen ona garbitzera edo zikintzera; gure herrialdearentzat hoberena dena defendatzera noa", iragarri zuen AEBetako presidente George Bushek. Bera izango da klima aldaketaren eztabaidan oztopo gehien jarriko dituen buruzagia, ez dagoelako ingurumena petrolio enpresa garrantzitsuenen interesen gainetik jartzeko prest.
Baina bestelako gaiei buruz ere hitz egingo dute agintariek bi eguneko goi bileran. Besteak beste, Iraken okupazioa, terrorismoaren kontrako gerra deiturikoa, Iranen ahalmen nuklearraren auzia edo Ekialde Hurbileko gatazka eztabaidatuko dituzte. Horretaz gain, Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barroso ere gonbidatu dute goi bilerara Europako Batasunaren krisia aztertzeko.
Mobilizazio ugari
Bestalde globalizazioaren eta pobreziaren aurkako taldeek manifestazioak egin dituzte egunotan. Faslaneko itsasontzi-basean, esaterako, 500 bat lagun bildu ziren herenegun armen salerosketa salatzeko. Herrialde txiroenei armak salduz dirua irabaztea ere leporatu zieten manifestariek G8ko kideei. "Manifestazio baketsua egin dugu, bileran arma nuklearren auziaz hitz egiteko eskatzeko", azaldu zuen Eskoziako Legebiltzarreko diputatu Caroline Lucasek. Edinburgon ere izan ziren protestak. Talde anarkistek antolatuta kasu horretan. Poliziak, baina, oztopatu egin zuen manifestazioa, baimenik gabe ari zirela argudiatuta. Segurtasun indarren eta manifestarien arteko enfrentamenduetan hainbat lagun zauritu ziren, baina ez zuten inor atxilotu.
Gaurko espero dira protesta handienak. Hori dela eta, segurtasun neurri zorrotzak jarri dituzte. Gleneaglesko hotela zortzi kilometroko luzera duen metalezko hesi batekin inguratu dute. Sorbus izenez bataiatu duten operazioan 10.600 poliziak hartuko dute parte. Horien artean Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetako kideak daude. Horretaz gain, hegazkin espia batek aire eremua kontrolatuko du, eraso terroristak saihesteko.
G8-koen goi bilera
Afrikako herrien kanpo zorra eta pobrezia izango dira gaur hasiko den goi bileraren ardatzak
Bost izarretako hotel batean bilduko dira munduko zortzi herrialde aberatsenetako buruzagiak eta Errusiako presidente Vladimir Putin gaurtik ostiralera bitartean, Glebeaglesen (Eskozia). Afrikako herrialdeen kanpo zorra, herrialde pobreenek jasotzen dituzten laguntzak eta klima aldaketa izango dituzte eztabaidagai nagusi G8ko kideek. Bihen bitartean milaka lagun kalera atera dira goi bilareren kontra. Polizia ugari daude hirian, "segurtasuna bermatzeko". Goizean istiluak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu