Gaur hasiko da Kenyako hiriburuan, Nairobin, Munduko VII. Gizarte Foroa. Hilaren 25a bitartean, mundu zabaleko 120.000 lagun batzea espero da, eta 1.200 ekitalditan parte hartuko dute. Beste mundu bat posible da leloaren pean ariko dira. Foroan izen aski ezagunek parte hartuko dute: Desmond Tutu Bakearen Nobel Saria, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi komisionatu izandako Mary Robinson, Maliko politikari eta idazle Aminata Traoré... Hitza, batez ere, herritar xumeei eman nahi zaiela gogorarazi zuen atzo, ordea, batzorde antolatzaileko kide Oduor Ongwengek.«Nekazal guneetako herritar xumeen eta komunitate baztertuen lekua da».
Hiesa, bakea, gazteria, emakumeen mugak eta ezinak, etorkinen premiak, kanpo zorra, eta jabegorik ez duten pertsonen beharrak aztertuko dituzte. Beste hainbat gairen artean. Hein batean, urrutira begira arikodira; Davosera (Suitza).
Izan ere, hilaren 25etik 29ra han egingo da Munduko Ekonomiaren Foroa, eta urtero hitzordu horren harira antolatzen da Munduko Gizarte Foroa,herrialderik boteretsuenei gogorarazteko munduko baztertuenen premiak eta nahiak zein diren, eta horiek aintzakotzat hartzeko zein politika gara daitezkeen. «Foroak mezu argia igortzen dio Davosi; gogora ekartzen dio, munduak ezin duela soilik etekinen eta inbertsioen jira-bueltan ibili. Inbertsiorik onena jendea da, eta baliabideen erabilera iraunkorra», esan zue atzo Ongwengek.
GLOBALIZAZIOAREN AURKA.1990eko hamarkadan globalizazioaren aurkako mugimenduek ereindako hazitik sortu zen Munduko Gizarte Foroa. Lehenengo hiru foroak, 2001ean, 2002an, eta 2003an Porto Alegren (Brasil) egin ziren. Elkarren berri izan, eta elkarlanerako sarea eratzen hasi ziren mundu zabaleko ehunka elkarte. Globalizazioaren aurka egin gura zuten, gizarteko ezberdintasunak arintzearen alde, eta demokraziaren bidez, bake bidearen eta giza eskubideen defentsa irmoa.
2004an Bombayn (India) egin zen foroa, 2005ean berriro Portoalegren,eta iaz Bamakon (Mali), Caracasen (Venezuelan) eta Karachin (Pakistan). Aurten egingo da lehen aldiz oso-osorik foroa Afrikan.
Gaur, abiapuntu gisara, ibilbide bat egingo dute Nairobiko Kibera bazter auzotik Uhuru parkera. Ondorengo egunetarako Kasarani kirol gunearen inguruan hiriaren bihotzetik 20 kilometrora 3.000 metro koadro prestatu dituzte. Ametsak goldatzeko.
Afrikako herritar «xumeen» hitza gailenduko da gaurtik Nairobin
Kenyako hiriburuan hilaren 25a bitartean 120.000 lagun batuko dira Munduko VII. Gizarte Foroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu