Afrikan pobreziaren kontra borrokatzea eta mundu osoko klimaren aldaketa dira gaurtik ostiralera munduko zazpi estaturik aberatsenek eta Errusiak osatzen duten G8 taldearen goi bileraren ardatz nagusiak. Brownek esan zuen ministroek «ondo» lan egin dutela Live 8ren antolatzaileekin, baina Afrikako herrialdeen kanpo zorra ezabatzearen auzia konpontzea ez dagokiola soilik Londresi. Bob Geldof musikariaren ekimenez abiatutako Live 8k kritika ugari jaso ditu globalizazioaren kontrako ekintzaile eta taldeen aldetik, kontzertuak antolatzerakoan «erakunde eta enpresa kapitalistekin lan egin» dutela salatuta. Gainera, «sisteman ondo sartuta dauden musikari batzuek Elton John eta Paul McCartney kasu parte hartu izana» gogor kritikatu dute, baita inork ordezkari izendatu ez dituen baina beren burua «Afrikako herritarren ordezkari» izendatu duten batzuen Bono, esaterako jokaera salatu dute egunotan.Ildo horretan, herenegun Make Poverty History erakundeko buru Richard Bennettek «kezka larria» adierazi zuen Londres Afrikako herrien kanpo zorra ezabatzeko proposamenak aurkezten ari den moduen gainean. «[G8koak] Ez dabiltza munduko herrialderik pobreenen kanpo zorra %100ean ezabatzea eztabaidatzen, baina gobernuetako bozeramaileek hori esaten edota aditzera ematen jarraitzen dute».Gobernuz kanpoko erakunde horretako politika eta kanpaina buru Stev Tibbett ere zorrotza izan zen Londresko gobernuarekin: «Txundigarria da ikustea Gobernua milioika jende pobre erabiltzen ari dela bere irudia hobetzeko. Erretolikaren atzean dagoena begiratu eta errealitatea hartatik urrun geratzen deela ikusiko duzu. Oraindik ez gaude pobrezia globalari modu eragingarrian aurre egingo dion akordio batetik hurbil. Egundaino Londresko gobernua exajeratzen ari da». Bob Geldofek, bere aldetik, esan zuen «onartezina» dela Brownek orain esatea «desengainurako prest egon» beharra dagoela.
Bilera aurreko negoziazioak
Erresuma Batuko Gobernuaren Afrikarako Batzordeak egindako txostenaren arabera, 2010erako Afrikako herririk pobreenen kanpo zorra ezabatu, bidezko merkataritza gauzatu eta urtean nazioarteak 25 mila milioi dolarreko laguntza eman beharko luke. 2010etik 2015 arte laguntza hori urtean 50 mila milioi dolarrekoa izatea nahi dute. Haatik, proposamen horiek oraindik lotu gabe daude eta AEBetako presidente George Bushek esan du ez duela bere estatuaren interes ekonomikoei kalte egingo dion inolako akordiorik sinatuko.
Oxfam gobernuz kanpoko erakundeko kide Jo Leadbeaterrek zera ohartarazi du: «2010. urtea beranduegi izango da 55 milioi umerentzat, baldin eta munduko estaturik aberatsenetako buruzagiek beren promesak gauzatzearen zain egon behar badute».G8ko kideetako hainbat ordezkari goi bilerarako akordioak ixten edota prestatzen saiatu ziren joan den asteburuan. Halere, atzo oraindik negoziatzen zebiltzan hainbat arloren inguruan, esaterako, klima aldaketaren gainean. Erresuma Batuko Atzerri Ministerioko idazkariorde Michael Jay baikor agertu zen auzi hori konpontzeko posibilitateari begira. Dagoeneko AEBen aldetik zenbait kontzesio lortu dituzte negoziatzaileek, baina Afrikari 2010erako laguntza bikoiztearen inguruko hitzarmena itxi gabe dago.
-
20 estaturik aberatsenak
Munduko 20 estaturik aberatsenen zerrenda, 2004an zuten Barne Produktu Gordinaren arabera. Kopuruak mila milioi dolarretan emanak daude.
AEBak: 11.668.
Japonia: 4.623.
Alemania: 2.714.
Erresuma Batua: 2.141.
Frantzia: 2.003.
Italia: 1.672.
Txina: 1.649.
Espainia: 991,44.
Kanada: 979, 77.
India: 691,88.
Hego Korea: 679,67.
Mexiko: 676,5.
Australia: 631,26.
Brasil: 604,86.
Errusia: 582,4.
Herbehereak: 577,26.
Suitza: 359,47.
Belgika: 349,83.
Suedia: 346,40.
Turkia: 301,95.
-
PROTESTAK
Astelehenean atxilotutako 100 manifestari, epaitegian
Edinburgoko kaleetan G8ren goi bileraren kontrako manifestazioetan zein protestetan Erresuma Batuko Poliziak astelehenean atxilotutako 100 bat pertsona Eskoziako hiriburuko auzitegian deklaratzen hasi ziren atzo. Jakinarazi dizkieten kargurik gehienak «bakea urratzea» dira. Atxilotuetako askok zauri txikiak eta kolpeak dituzte eta globaliazioaren kontrako taldeek Poliziari protestagileei aurre egiterakoan «indar gehiegi» erabili izana leporatu diote, baita atxiloketen ondoren «tratu gogorra» eman izana ere. SSP Eskoziako Alderdi Sozialista eta SGP Eskoziako Alderdi Berdea ere Poliziaren jokabidea kritikatu dutenen artean daude. Aitzitik, Eskoziako lehen ministro Jack McConnellek Poliziaren jokaera defenditu, eta «profesionalki» jokatu zuela esan du. Asteleheneko manifestazioaren inguruan sortutako borroka eta istiluetan hainbat manifestari eta polizia zauritu ziren. Poliziak atxilotutakoak Eskozia, Ingalaterra eta Europako beste hainbat herrialdetakoak direla jakin da. Zenbait taldek salatu dute polizia askok beren plaka zenbakia estalita zeramatela manifestazioa zaintzean.