Boli Kostako presidente Laurent Gbagbo, Seydo Diarra lehen ministroa eta matxinoen ordezkari Guillaume Soro izan dira negoziazioetan. Atzo adostutako testuan denek jarri zuten euren sinadura. Oposizioko bi buruzagi inportanteenek ere berretsi zuten dokumentu historikoa: Alassane Ouattara lehen ministro ohia eta Henri Konan Bedie presidente ohia. Azken honen hitzetan «bolikostarren sufrimendua amaitzeko itxaropena» ematen du dokumentuak. Bediek 1993. urteko bozak irabazi zituen eta sei urte geroago agintetik bota zuten estatu kolpe baten bidez.Bi aldeen arteko desadostasunak konpontzeko «indarkeria baliatzea» gaitzesten dute «argi eta garbi» dokumentuan. Bi aldeetako kideak desarmatzeko prozesu bat abiatzea proposatzen da testuan. Aurreneko bilera apirilaren 14ean egingo dute Bouaken. Boli Kostako Indar Armatuak eta Indar Berriak taldeetako ordezkariak bilduko dira. Desarmea sustatzeko neurriak hartzea espero da.
Armada bateratua matxinoekin
Bake akordioan, halaber, soldaduez eta matxinoez osatutako Armada bateratua sortzea jasotzen da. Indar Berriak taldea osatzen duten 600 kideak trebakuntza poliziala jasoko dute aurretik nazioarteko indarren eskutik. Indar Berriak taldeko ordezkariak, berriz, Adiskidetze Gobernu Nazionalaren parte izatera pasako dira. Laurent Gbagbo presindeteak, ildo horretan, bake hitzarmenean jasotako puntuak bete daitezen ikuskatzeko eskuduntza emango dio lehen ministroari.
Urrian hauteskundeak egitea da dokumentuan aipatzen den oinarrizko beste puntu bat. Bozak «libreak, justuak eta gardenak» izan ahal izateko nazioarteko begiraleek parte hartuko dute bozak prestatzeko lanetan. Hauteskunde Batzorde Independenteak ikuskatuko ditu bozak.Alassane Ouattara oposizioko buruzagiarekin zer gertatuko den erabakitzeke dago oraindik. Presidentetzarako bozetarako hautagai gisa aurkeztea debekatzen dio Konstituzioak bere ama bertakoa ez delako. Ouattarak, berriz, ukatu egiten du hori. Afrikako Batasuneko txandakako presidente Olusegun Obasanjo nigerriarrarekin eta NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Kofi Annanekin adostu beharreko afera izango dela jakinarazi zuen atzo Mbekik: «Bozek baino ezin izango dute presidentea zein izango den argitu».
Bi urte luzeko gatazka
Boli Kostako iparraldeko hiru talde matxino nagusiek Indar Berriak alderdi politikoa sortu zuten 2002. urtean. Urte horretako irailaren 19an abiatu zen gatazka. Laurent Gbagbo presidentea agintetik botatzen saiatu ziren matxinoak eta, porrot egin ondoren, iparraldea euren kontrolpean hartu zuten. Orduz geroztik, borrokak izan dira gerrillari eta soldaduen artean. Boli Kosta bi zatitan egon da banatuta. Iparraldea talde matxinoen kontrolpean egon da eta hegoaldea, berriz, agintariak sostengatzen dituzten soldaduen eskutan. Azken bi urte eta zazpi hilabeteotan bi mila pertsona baino gehiago hil dira Boli Kostan. Liberiara beste 10.000 pertsonek ihes egin behar izan dute.
2003. urteko urtarrilean hasi ziren negoziazioak eta maiatzean su-etena aldarrikatu zuten bi aldeek. Iragan azaroaren 4ean, alta, su-etena hautsi zen. Gbagboren soldaduek iparraldeko matxinoak erasotu zituzten. Bi egun geroago krisia areagotu zen. Frantziako Armadako bake indarrak erasotu eta bederatzi soldadu hil zituen Armadak. Boli Kostako Aire Armadaren basea suntsitu zuen, errepresalia moduan, Parisek. Herritarren haserrea piztu zuen horrek eta manifestazio jendetsuak egin ziren hainbat egunez hiriburuan. Frantziako herritarrek ihes egin behar izan zuten. Boli Kosta zigortzeko eskatu zion orduan nazioarteari Parisek. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak hainbat zigor, tartean arma bahimendua, ezartzea ebatzi zuen ahobatez iragan azaroan. Iparraldea eta hegoaldea zatitzen dituen mugan nazioarteko kasko urdinak ezarri zituzten. NBEk sei mila soldadu ditu bertan eta beste lau mila Frantziak. NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek pozez hartu zuen atzo bake akordioaren sinadura: «Bi aldeei euren konpromisoak lehen bai lehen indarrean jartzeko eta desarmatzen hasteko eskatzen diet».
-
Kronologia
1842: Boli Kostako itsasertzean protektoratua ezarri zuen Frantziak.
1893: Frantziak kolonia bihurtu zuen Boli Kosta osoa.
1958: Boli Kosta, Frantziako Komunitatearen barnean, errepublika bilakatu zen.
1960: Boli Kostak independentzia lortu zuen. Felix Houphouet-Boigny 1993 arte egon zen presidente, hil arte.
1990: Oposizioko alderdiak legeztatu zituzten.
1993: Alderdi Demokratikoko alderdikide Henri Konan Bediek ordezkatu zuen Houphouet-Boigny.
1995: Oposizioak boikotatutako hauteskundeetan Bedie berriz presidente hautatu zuten.
1999: Nazioarteko Diru Funtsako funtzionario ohi Alassane Ouattara 2000ko Presidentetzarako bozetara aurkezteko itzuli zen. Legeak ez zion aurkezteko biderik utzi, jatorriz Burkina Fasokoa delako. Robert Gueik estatu kolpea jo eta Bediek Frantziara ihes zuen.
2000: Bozen ondoren Gueik bere burua presidente izendatu zuen, baina matxinada batek ihes egitera behartu zuen. Laurent Gbagbo izendatu zuten presidente. Bozetan parte hartzea utzi ez zioten Ouattarak boz berriak eskatu zituen. Gutxira borrokak hasi ziren, Gbagboren eta Ouattararen jarraitzaileen artean. Abenduan Legebiltzarrerako eginiko bozetan, Gbagboren FPI alderdia nagusi.
2001eko martxoa: Gbagbok eta Ouattarak nazio adiskidetzearen alde lan egitea hirzatu zuten. Udal bozetan Ouattararen alderdia nagusitu ondotik, Presidentetzarako eta Legebiltzarrerako bozak egiteko eskatu zuen.
2001eko urria: Presidenteak Nazio Adiskidetzerako Foruma hasi zuen. Gueik agertzeari uko egin zion, Gobernuak bere laguntzaile bat atxilotu zuelako.
2002ko abuztua: Ouattararen RDR alderdiari lau ministro kargu eman zizkioten kabinete berrian.
2002ko iraila: ICPMko matxinoek iparraldea kontrolpean hartu zuten.
2003ko martxoa: Urtarrilean Gbagbok Parisen bake akordioa onartu ondoren, boterea partekatzeko gobernua osatu zuten, matxinoen bederatzi ordezkarirekin.
2003ko maiatza: Su-etena sinatu zuten Armadak eta matxinoek.
2003ko iraila-abendua: Matxinoak Gobernutik erretiratu eta berriz lotu zitzaizkion.
2004ko martxoa: Oposizioaren mitin baten kontrako erasoak liskarrak eragin zituen. Gbagbori «bake prozesua kolokan jartzea» egotzi zion PDCI alderdiak.
2004ko azaroa: Aire Armadak matxinoei eraso zien. Frantziak esku hartu zuen, bere 8 soldadu hil ondoren. Frantziaren kontrako protesta bortitzak.
2005eko apirila:
Bake akordioa sinatu dute Pretorian.