BOLIVIAKO HAUTESKUNDEAK. EDMUNDO NOVILLO.

«Agintea herriarena izango da, eta hark erabakiko du zer egin»

arantxa elizegi egilegor
2005eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Bozak irabazi izanaz harro dago Edmundo Novillo, Sozialismoranzko Mugimenduko diputatua. Mende erdiaren ostean, lehen aldiz, indigena batek bere lurraldean aginduko duela dio pozik. Ziur dago aldaketa onerako izango dela.

Hautagai batek halako emaitzak lortzen dituen lehen aldia da. Zergatik irabazi du Evo Moralesek horren alde handiarekin?

Alderdi politiko tradizionalen krisiak eragina izan du emaitzetan. Ustelegiak ziren agintean jarraitzeko. Politika neoliberalak bultzatzen zituzten eta gure baliabide naturalak multinazionalen esku utzi zituzten. Horrek guztiak Boliviako herritarrak esnarazi zituen, krisia eragin zuen herrialdean eta horri esker aldaketa historikoa lortu dugu.

Indigena batek Boliviako presidente izatea lortzen duen lehen aldia da. Horrek izango du eraginik indigenengan?

518 urte igaro dira indigena batek bere lurraldean agintzea lortu duen arte. Baliabide naturalak indigenenak dira eta hori defendatzera bideratuko du Evo Morales kideak bere politika. Lan asko dugu egiteko alor horretan. Azken mende erdian indigenen kontrako proiektuak besterik ez dituzte bultzatu gobernuek.

Moralesek hitzemandakoa betetzen ez badu, uste duzu indigenak kalera aterako direla?

Sozialismoranzko Mugimendua alderdiak gizarte mugimendu asko biltzen ditu bere baitan. Gobernu hau herri taldeek osatzen dute, eta beraz, horiek bultzatzen dituzten egitasmoak indarrean jartzea da gure xedea. Agintea, beraz, herriarena izango da, eta hark erabakiko du zer egin. Ez dugu nahi exekutibo elitistarik.

Moralesek esan zuen baliabide naturalen irabaziak Estatuarentzat izango zirela.

Ez gaude atzerriko inbertsioen aurka, baina hortik ateratzen diren onurak herriarentzat izatea nahi dugu. Guztia ez bada ere, zati handi bat. Baliabide natural horiek gureak dira, eta hala ere, herritar gehienak muturreko pobrezian bizi dira. Hori konpontzeko erabili nahi ditugu atzerriko inbertsioen bidez lortutako irabaziak. Enpresen eta herritarren mesederako izango den hitzarmena lortu nahi dugu.

Washington beldur da Boliviak Venezuelaren ildo politikoari helduko diola.

Estatu Batuen eta Boliviaren arteko harremanak onak izan dira beti, eta hala izango dira aurrerantzean ere. Herrialde guztiekin harreman irekiak eta garbiak nahi ditugu, baita AEBekin ere. Baina ez dugu nahi inork zer egin behar dugun esatea, ez dugu nahi xantaiarik edo gure kalterako diren politika ekonomikoak inposatzea. Gurekin harreman onak izan nahi badituzte, ez dute ahaztu behar boliviarren arazoak konpontzea dela gure lehentasuna, eta beraz, ongizatea xede duten politikak soilik bultzatuko ditugula.

Zer gertatuko da Senatuan gehiengoa lortzen ez baduzue?

Azken datuak jakin arte itxaron behar dugu. Oraingoz, emaitzak gure aldekoak dira eta badirudi gehiengoa lortuko dugula. Baina lortuko ez bagenu ere, ez litzateke arazo, Kongresuan gehiengoa dugulako.

Moralesek droga trafikoa desagerraraziko zuela esan zuen, baina zer gertatuko da koka ekoizle txikiekin?

Droga trafikoa desagerraraztea da gure helburua, baina beti ere kokalero txikiei kalterik egin gabe. Koka ekoizpena legeztatu egin nahi dugu, landare hori oso baliagarria delako hainbat produktu egiteko garaian.

Zeintzuk dira MASen programa politikoko puntu nagusiak?

Batzorde Konstituziogilea sortzea izango da lehen pausoa, sistema politikoa erreformatu ahal izateko. Horretaz gain, baliabide naturalen ustiaketan ere aldaketak egingo ditugu. Eredu ekonomiko berria bi oinarri horien gainean eraikiko dugu, era horretan behar gehien dituztenen eskaerak betetzeko aukera izango du Estatuak.

Datorren urtean autonomiari buruzko erreferenduma da egitekoa. Hori onartuz gero, aberatsenen mesederako izango dela diote adituek.

Seguruenik Batzorde Konstituziogilearen hautaketa eta autonomiari buruzko erreferenduma egun berean egingo dira. Baina autonomiak bultzatzea erabakiko balitz ere, eredu asko daude aukeran eta Batzorde Konstituziogileari dagokio eredu horietatik zein bultzatuko duen erabakitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.