Aginterik gabeko herrialdea

Ali Abdala Saleren gobernuak AEBen aliatua da 'terrorismoaren kontrako gerran', baina aliantza hori itxurazkoa besterik ez da, Gobernua ez baita gai herrialdea kontrolatzeko.

arantxa elizegi egilegor
2007ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Gobernua egon badago Yemenen, baina lurraldearen gaineko kontrolik ez. Presidentea badute, baina aginterik ez. Militarrak badituzte, baina segurtasunik ez. «Kaosa», esango luke norbaitek, eta ez litzateke oso oker ibiliko. Herrialdea sortu zen une beretik-1990etik- sortu ziren arazoak. Hasieran batean bi errepublika zirenak, hegoaldekoa eta iparraldekoa, batu egin ziren. Batasuna, baina, ez zuten denek onartu. Militar asko armadatik banandu eta gerrilletan sartu ziren, eta hegoaldeko leinuek Gobernuaren kontra egin zuten, argudiatuz iparraldearen eskaerak hobesten zituela. Ordutik dator egun ohiko bilakatu den atzerriko turistak bahitzeko ohitura. Bahiketa horien bidez Gobernuaren aldetik nahi dutena lortzen dute.

Hori nahikoa ez, eta armak izugarri zabaldu dira herrialde osoan azken urteetan. Ali Abdala Sale presidentearen helburuetako bat da armak gutxitzea, baina ez du erraza izango. Yemenen 70 milioi arma daude, pertsona bakoitzeko hiru. Arma bat duenak ohorea duen ustea oso zabaldua dago herrialdean. Esaterako, ezkontzetan eta bestelako ospakizunetan airera tiro egitea oso errotuta dagoen ohitura da. Arazoa da ez dituztela soilik horretarako erabiltzen.

Armada badute Yemenen. Ekialde Hurbileko armada handienetariko bat da, gainera. Baina Abdala Sale presidentea --agintean 28 urte daramatza-- Ameriketako Estatu Batuen (AEB) aliatu handia da. Ondorioz, 2001eko New Yorkeko atentatuen ostean, bat egin zuen George Bushekin terrorismoaren aurkako gerra-n, eta, Afganistani eraso ziotenean, ez zuen zalantzarik egin armadaren zati handi bat hara bidaltzeko. Ez zuen, ordea, ondo aztertu zer ondorio ekarriko zizkion horrek herrialdeari.



AL KAEDA ETXEAN. Nagusiki sunita da herrialda, eta indar handia hartzen ari da Al Kaeda talde armatua. Bera ere sunita izanik, jarraitzaileak gero eta gehiago ditu, batez ere hegoaldean. Horretaz gain, herrialdea AEBen aliatu izateak eta Saudi Arabia -Al Kaedaren jomuga nagusietako bat- horren gertu egoteak, erasoak izateko arriskua areagotzen du. Gainera, terrorismoa egotzita AEBek Guantanamon preso dituztenetako asko Yemengo herritarrak direla.

Arazoa da, ordea, Abdala Saleren gobernua ez dela gai herrialdearen kontrola bereganatzeko, eta herritarren konfiantza galtzen ari dela. Iazko Presidentetzarako bozetan irabazi egin bazuen ere, iruzur eta ustelkeria salaketak inoiz baino ozenago entzun ziren. Horretaz gain, talde armatu xiitekin su-etena lortu berri badute ere, borrokak ez dira erabat amaitu, eta erasoak egiten jarraitzen dute. Horiek hala, laguntza eskatu dio Gobernuak nazioarteari, eta batez ere AEBei, ez soilik hitzezkoa orain arte bezala, baita ekintzazkoa ere.

Ez da lehen aldia Yemenen herenegungoa bezalako atentatua egiten dutela. 2000. urtean Al Kaedako ekintzaileek 17 militar estatubatuar hil zituzten gerraontzi baten aurkako erasoan. Handik bi urtera, berriz, Frantziako petrolio-ontzi bat izan zen jomuga. Orain,Mendebaldeko turista talde bat. Gehiago izango ez bada, laguntza behar du Yemenek. Bestela bertan behera geratuko da turismoa, zein diru sarrera nagusietako bat bilakatu den, eta horrek egoera okertu baino ez du egingo.



asier huegun EHUko irakaslea eta arabiera ikaslea

«Jauzi kualitatiboa izan da atentatua; yemendarrak ere harritu egin ditu»



I. Petxarroman

Donostia

2004an, 2005ean eta 2006an izan da Asier Huegun (Lasarte-Oria, 1975) Yemenen. Lehenengo aldian, bi hilabetez bidaiatzen, eta beste bietan hilabete eta erdi arabiera ikasten. Herrialdean zehar bakarrik ibili da hara joan den bakoitzean.

Egunotako albisteak hunkituko zintuen, ezta?

Bai, dezente. Entzun nuen unetik kezkatzen hasi nintzen, herrialdearekin dudan lotura afektiboa dela eta. Hasieran turista espainiarrak zirela esan zuten, baina gero euskaldunak tartean zirela esan zutenean, bada, imajinatu...

Nolakoa dazuk ezagututako Yemen?

Esango nuke argi-ilunak dituen herrialdea dela. Nik jendearekin, oro har, oso harreman ona izan dut. Jendea oso abegikorra da, eta beraien harrera gozoa da. Nik han lagun onak egin ditut, esaterako. Baina herrialdeak arazo handiak ditu: politikoak, erlijiosoak, kulturalak, ekonomikoak... Oso herrialde pobrea da. Jende gehiena pobrea da, batik bat hiriburutik kanpo. Jakina, musulmanak dira. Ez dira fundamentalistak, baina bai musulman sinestunak.

Zuk arriskurik sentitu duzu inoiz?

Nik inoiz ez dut arazorik izan. Tartean leinuek bahiketak egiten dituzte, Gobernua presionatzeko. Yemen arriskutsua al den? Arriskua oso subjektiboa da, eta neuk ez dut inoiz arriskurik sumatu. Egia da zenbait gauzatan kontuz ibili behar dela. Beti bidaiatu izan dut bertakoen artean, garraio publikoan, autobusetan, taxietan... Militar asko dago, kontrol asko... Baina nik sekula ez dut arriskurik sentitu, bestela alde egingo nuen. Eta gaur Banoako arduradunek esan dutena berretsi nahiko nuke:bidaia segurua egiten ari ziren.

Zergatik erakartzen ditu bidaiariak?

Ni neu batez ere arabiera ikastera joan naiz. Bestetik, alderdi arkeologikotik eta arkitektura aldetik, oso gauza politak ditu. Halaber, gure gizartearekin alderatuz, oso ezberdina da. Hala, alde exotikoak asko erakartzen ditu bidaiariak. Izan ere, haien bizitzeko ikuspegia, bizimodua, eta abar oso ezberdinak dira. Ni herrialde arabiar batzuk ezagutzen ditut, eta esango nuke gure gizartetik alde handiena duena Yemen dela, onerako zein txarrerako.

Yemen Al Kaedarekin lotzen ari da hedabideetan. Zer iruditzen zaizu?

Gaur [atzo] bertan hitz egin dut han ditudan hiru lagunekin, eta haiek esan didate hango jendeak arbuiatu egiten dituztela halako ekintzak, ez daudela ados islamaren izenean horrelakoak egitearekin. Gero, argitu beharko genuke zer den Al Kaeda. Atentatu hau jauzi kualitatiboa izan da, eta yemendarrak ere harritu egin ditu.

Mendebaldeak herri arabiarretan daramaten politika ez dute gogoko izango...

Jakina. Badago yemendarren aldetik Europako gobernuen aurkako jarrera, baina ez herritarren aurkakoa. Arriskutsua da Mendebaldeak zabaltzen duen mezua; alegia, bere eredua jarraitzen dutenak bakarrik direla onak, eta beste guztiak gaiztoak.

Analista batzuk aipatzen ari dira Yemengo egungoGobernua AEBen aliatu izatea ezgonkortzen ari dela herrialdea.

Herrialde arabiarren arteko oreka oso ezgonkorra da. Hala ere, neuk bereiziko nuke herria eta Gobernua. Herriak nahiko arazo baditu eguneroko bizimodua aurrera ateratzen kanpoko arazoekin ere kezkatzen hasteko. Yemendarrei atzerriko politikaz galdetu, eta askotan esaten dizute nahikoa lan dutela oinarrizko eguneroko beharrak betetzeko.

Itzultzeko gogorik bai?

Bai, dudarik gabe, aukera dudanean joango naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.