Legebiltzarrerako bozen bigarren itzulia egingo dute gaur Iranen. Parlamentuko 290 eserlekutik 65 erabakiko dituzte, eta, aurreikuspen guztien arabera, Mahmud Ahmadinejad presidenteak oso babes txikia lortuko du legebiltzarrean. Martxoan egin zuten bozen lehen itzulia,eta orduan agerian geratu zen Ali Khamenei aiatolaren indarra. Kasik eserlekuen %80 lortu zituen, eta inkestek diote bigarren bozketan nagusitasuna berretsiko duela. Legebiltzarrean babesa galduta, Ahmadinejadek arazoak izan ditzake legealdia bukatzeko.
Legebiltzarrerako lehia soilik kontserbadoreen artekoa da. Izan ere, hautagai erreformistei ez diete utzi hauteskundeetan parte hartzen. Iraultzaren Zaindarien Kontseiluak —sei elizgizonek eta sei abokatuk osatzen dute— aurkeztutako 5.395 hautagaietatik 3.444 bakarrik onartu zituen, eta kanporatutako gehienak hautagai erreformistak izan ziren. Hori horrela, Khameneiren eta Ahmadinejad etsaituen arteko borroka bilakatu dira hauteskundeak, eta datozen urteko presidentetzarako hauteskundeei begira fakzio bakoitzak duen indarra neurtzeko baliatu nahi izan dituzte.
Teheranen dute jokoan eserleku gehien: 25. Izan ere, lehen itzulian Teherango bost diputatuk soilik lortu zuten bigarren itzulira ez igarotzeko beharrezkoa den bozen %25. Gaur jokoan dauden gainontzeko 40 diputatuengatik 32 barrutitan lehiatuko dira.
Legebiltzarraren kolorea, dena den, ez da asko aldatuko. Izan ere, Khameneiren eta Ahmadinejaden aldekoek bozen %70 eskuratu zituzten duela lau urte. Orduan, baina, elkartuta zeuden orain etsaituta dauden bi fakzioak.
2005etik, agintera iritsi zenetik, Ahmadinejadek boterea areagotzeko saioak egin ditu, eta horrek aiatolaren jarraitzaileak haserretu ditu. Izan ere, elizgizonen boterea zalantzan jartzea egotzi diote presidenteari, eta horrek zatiketa eragin du agintaritzan. Iraultzaren Zaindarien Kontseiluari indarra kentzen saiatu dela-eta sistemarentzat mehatxua dela uste dute Khameiniren jarraitzaileek.
Irango presidentearen izen ona zalantzan jarri dute Khameneiren aldekoek kanpainan. Desbiazionista izatea leporatu diote Ahmadinejadi, eta erlijioaren lehentasuna zalantzan jartzeagatik gogor kritikatu dute kanpainako ekitaldi bakoitzean. Kanpaina ekitaldi batean, Adituen Batzarreko kide Mesbah Yazdi aiatolakadierazi zuen «desbiazionistak matxinatuak [erreformistei erreferentzia eginez] baino askoz arriskutsuagoak» direla.
Bi buruzagien arteko distantzia geroz eta sakonagoa izanik eta Khameneiren indarra geroz eta handiagoa, adituek diote Ahmadinejadek legealdiko azken urtean proposamenak aurrera ateratzeko zailtasunak izango dituela. Martxoan indarrean jarri nahi zituen erreforma ekonomikoek ere ez dute aurrera egin, legebiltzarrak Khameneiren aldeko izanik ez baitu onartu diru laguntzen sistema aldatzea. Oinarrizko produktuei eta energia iturriei laguntzak txikitu nahi dizkie presidenteak, familia behartsuenei laguntzak igotzeko. Neurri horiekin inflazioak gora egingo duela uste dute aiatolaren aldekoek, eta horrek herrialdearen ekonomia desorekatuko duela.
Khameneiren garaipenak ez du aldaketa handirik ekarriko nazioarteko politikan, adituek adierazi dutenez. Gizartearen kontrola handituko duela diote eta ekonomian ere esku hartzea handiagoa izango dela. Dena den petrolioaren esportazioan eta programa nuklearraren inguruan jarrera antzekoa dute bi bandoek.
Zigorrak kentzeko esperoan
Martxoko bozak egin zituztenetik giro politikoa asko aldatu da Iranen. Programa nuklearra dela-eta tentsioa gorenean egon da azken hilabeteetan, baina azkenaldian giroa baretu egin da. Nazioartearekin akordio bat lortu nahian dabil orain Teheran.
Maiatzaren 23an Irakeko hiriburuan bilduko dira 5+1 Taldeko kideak, Irango programa nuklearraz aritzeko, eta bertan AEBek eta EB Europako Batasunak zigorrak bertan behera uztea espero du Irango Gobernuak. Alemaniak eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek —AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Errusiak eta Txinak— osatzen dute taldea. Khameneiren aholkulari eta diputatu Gholam Ali Hadad Adelek azaldu du Turkiako apirileko bileraren segida izango dela Bagdadekoa, eta «itxaropentsu» daudela, orduan «giro ona» gailendu zelako.
5+1 Taldeko kideak ere baikor agertu ziren urtebete etenda egon diren negoziazioak berriz martxan jarri ostean. «Irudipen baikorra izan dugu, Iranek buru-belarri sartu nahi duela negoziazioetan», adierazi zuen Catherine Ashton EBko diplomazia buruak bileraren ondoren. Iranek esan zuen uranioaren %20ko aberastea «berriz aztertzeko» prest zegoela, seikoteak iaz eta aurten egindako eskaerari erantzunez.
Azken hilabeteak gatazkatsuak izan dira Iranentzat. Izan ere, programa nuklearraren helburu militarren inguruko akusazioak areagotzearekin bat,herrialdearen aurkako zigorrak onartu dituzte hainbat herrialdek, eta nazioartean erabatbakartu dute. Israelek bide diplomatikoa alde batera utzi eta eraso egiteko mehatxua ere egin zion Teherani, eta gerra aurreko tentsioa piztu zen bi herrialdeen artean.
Ahmadinejad, maldan behera
Iranen parlamenturako bozen bigarren itzulia egingo dute gaur, eta Khameneik nagusigoa indartzea espero da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu