IRANGO HAUTESKUNDEAK

Ahmadinejadek «gizarte islamiar eredugarria» eratzeko asmoa azaldu du

Hautagai ultrakontserbadorearen garaipenak kezka bizia sortu du nazioartean

2005eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Mahmud Ahmadinejad hautagai ultrakontserbadoreak alde handiz irabazi zuen herenegun Irango Errepublika Islamiarreko presidentetzarako bigarren bozaldian. Orain arte Teherango alkate izandakoak botoen %62 bereganatu zituen; Hashemi Rafsandajni kontserbadore moderatua botoen %35ekin geratu zen. 47 milioitik gora hautesleetatik %59k hartu zuten parte; joan den ekainaren 17an egin zen lehen txandan, aldiz, %63 izan zen esku-hartzea.

Bere garaipena egiaztatu eta ordu gutxira, kanpainan azaldutako egitasmoak berretsi zituen Ahmadinejadek, irrati publikoan egin zuen lehenbiziko adierazpenean. «Gure egungo egiteko handia Iranen gizarte islamiar eredugarri, garatu eta sendoa eraikitzea da», esan zuen. Lehen adierazpen horietan, haatik, ez zuen zehaztu zein izango diren bere politikaren ardatz nagusiak. Kanpaina denboran, Irango herritar behartsuenen begikotasuna eta sostengua segurtatu dizkioten mezuak errepikatu ditu: «banku sektorearen makurrak zuzendu», ustelkeriari aurre egin eta «gazteriaren arazo larriak konponbidean» ezarriko dituela hitzeman zuen. Ildo beretik, agindu zuen modu bidezkoagoan banatuko dela petrolio ekoizpenetik lortutako aberastasuna.«Iranek gaur egun daukan kapitalik handiena petrolioa» dela adierazi eta gero, presidente berriak azaldu du ekonomia arlo horretan «argitasun aroa» bultzatzeko asmoa duela. «Ekoizketaren, kontratuen eta esportazioen inguruan dagoen giroa ez da argia; horiek guztiak argitu beharko dira». Orain arte jorratu duen apal ospeari eutsita, hauxe adierazi zuen, halaber, Mohamad Khatami jarduneko presidentearen segida hartuko duenak: «Irango herriak hautatu nauelako oso harro nago; baina ororen gainetik, Teherango alkate gisa egundaino, eta Errepublikako presidente karguan bihar, Iranen alde lan egiteko daukadan aukeraz nago harro». Halaber, sinesle sutsua izatearen irudiarekin bat, lehen adierazpenak honela amaitu zituen Ahmadinejadek: «Ohartuta nago hemendik aurrera izango dudan arduraren zama handiaz, eta Jainkoari lagun diezadala eskatzen diot».

Nazioartea, kezkatuta

Handizki kezkatu du nazioartearen zati bat buruzagi islamista ultrakontserbadore bat hautatu izanak indar nuklearra garatzeko asmoa duen herrialde batean; munduko laugarren petrolio ekoizlea den herrialdean, hain zuzen. Iranekin 1980az geroztik harreman diplomatikoak etenda dauzka Washingtonek, eta haren erreakzioa lehenetatik izan zen.«Zalantzak dauzkagu Irango agintariek euren herritarren nahiez eta nazioartearen arrangurez zinez axolarik dutenetz», esan zuen atzo AEBetako Estatu Idazkaritzak. «Ikusmoldea aldaraziko digun ezer ez dugu sumatu hauteskunde hauetan», gaineratu zuen.

AEBek 1979an moztu zituzten harremanak leheneratzeko inolako zantzurik ez du erakutsi Ahmadinejadek. Hori bai: argi utzi du «atzerriko inolako esku sartzerik» ez duela onartuko Irango programa nuklearraren auzian AEBen presioa handia da arlo horretan eta NBEren erreforman, gainerako alorretan bezala. Erresuma Batuaren izenean, Jack Straw Atzerri ministroak nabarmendu zuen «makur handiak» izan direla bozetan: «Nazioartekook kezka biziak dauzkagu Iranen egitasmo nuklearraz, terrorismoarekiko auziaz, giza eskubideen kontuaz edo Ekialde Hurbileko bake prozesuarekiko jarreraz, eta antsia horiek baretzeko neurriak laster hartzeko eskatzen diogu Teherani».

Irango auzoen artean, berriz, Indonesiako Atzerri Ministerioko eledun Marty Natalegawak nabarmendu zuen «txalotzekoa» dela «hauteskunde prozesu demokratiko batean Irango herriak agertutako kemena». Majlis Mujahidin mugimendu islamista erradikala, aldiz, pozik zegoen Ahmadinejad hautatu zutela eta.

Mundu arabiarrak ere kezkarekin hartu du Ahmadinejad kontserbadorea nagusitu izana nagusiki arioa nahiz eta bestelako etniak ere badituen den auzoko herrialdean. Beldur dira Teheranen eta Washingtonen arteko tirabirak okertuko ote diren. Persiako Golkoko monarkiak (sunitak), gainera, kezkatuta daude Iranek ez ote duen orain areagotuko mugimendu xiitei ematen dien laguntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.