Ahmadineyaden arabera, «inor» ez da ausartuko Irani eraso egitera

Ormuzeko itsasartea ixteko saioa egingo du Iranek; munduko petrolioaren %40 handik igarotzen da

Erredakzioa
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Teheranen programa nuklearrak alderdi militarra ere baduen susmoa agertu zuenetik, AEBen eta Iranen arteko tentsioa geroz eta handiagoa da. Mahmud Ahmadineyad presidenteak, jarrera probokatzailearekin erantzun die, gainera, programa nuklearra bertan behera uzteko AEBen oharrei: «Ez dago Iranen aurkako erasoa agintzeko adina ausardia duen inor». AEBek eta Israelek horretarako aukerarik izango ez dutela gaineratu du presidenteak.

Bestalde,hilabete hasieran bereganatu zuen AEBetako hegazkin espioia itzuliko ez duela jakinarazi du gobernuak eta Barack Obama AEBetako presidenteak Irango aire eremua urratzeagatik barkamena eskatu beharko lukeela adierazi du. Hain justu, herenegun hegazkina itzultzeko eskatu zion Obamak Teherani.

Maniobra militarrak

Irango armadak Ormuzeko itsasartea itxiko duela jakinarazi du, berriz, Teheranek. Nazioartearen uretan maniobra militarrak egingo dituzte eta itsasartea ixteko gaitasuna duten probatuko dute.

Munduan kontsumitzen den petrolioaren %40 inguru itsasarte horretatik igarotzen da. Aurrerantzean Irani eraso egitera ausartzen badira, Ormuzeko itsasartea itxiko dutela ohartarazi du Teheranek. Munduan aurrekaririk gabeko petrolio hornikuntza falta eragingo luke horrek eta ondorioak «izugarriak» izango liratekeela diote. «Munduak gure eskualdea kolokan jarri nahi badu, guk mundua jarriko dugu kolokan», mehatxu egin du Parviz Soruri Legebiltzarreko Nazio Segurtasun eta Atzerriko Politikarako Kontseiluko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.