Urtero legez, AI Amnesty International erakundeak bere txostena kaleratu du aurten ere, hain zuzen, 2003. urtean izandako giza eskubideen urraketak eta haien testuinguruak aipatuta. Erakundeko idazkari nagusi Irene Khanek atzo salatu zuenez, 2001eko irailaren 11tik Ameriketako Estatu Batuek abiatutako «terrorismoaren kontrako gerrak» oraindik giza eskubideen arloan eragin handia du, azken 50 urteotako urraketarik larrienak egiteraino. AEBek segurtasun bila «mundua leku arriskutsuago bihurtu» dutela ere nabarmendu zuen. AEBek kargurik gabe Iraken, Guantanamoko basean (Kuba) eta Afganistanen atxikitzen dituen 40 bat herrialdetako presoen kasua aipatzen du txostenak. «Iraken, Abu Ghraiben, torturatutako presoen irudiek espero zitekeenaren ingurukoak behar zuten munduarentzat. Irailaren 11tik terrorearen kontra abiatutako gerraren ondorio logikoak dira. AEBek ikerketa judizialetatik kanpo beren burua uzteko eginahalen emaitza dira». Al Kaedaren erasoak ere gogor salatu zituen AIk.
«Errudun izan daitezkeenen eskubideak babestean huts eginda, errugabeak direnen eskubideak arriskuan jartzen dituzte gobernuek, eta guztiok mehatxupean ezarri», erantsi zuen Khanek. Ohartarazi zuenez, «terrorearen kontrako gerrara» urtero milaka milioi dolar bideratu izanak giza eskubideen arloko erronkarik handiena baztertu du: pobreziaren kontrako borroka. «Espainiak, Frantziak eta Uzbekistango gobernuek, beste batzuen artean, legedia antiterrorista atzerakoia jarri dute indarrean, baita askatasun murrizketak ere; hori guztia 2001eko irailaren 11ko eraso terroristen ondotik». Era berean, asilo bila Europara joandako iheslarien aurka zenbait estatuk Erresuma Batua, Espainia, Frantzia, Irlanda, Malta eta Portugal, adibidez jarritako neurri zorrotzak kritikatu ditu Amnesty Internationalek.Hona hemen AIk salatutako beste hainbat urraketa:
-epaiketarik gabeko exekuzioak / legez kanpoko hilketak: 47 estatutan epaiketarik gabeko exekuzioak egin dituzte. Besteak beste, Nepalen eta Kolonbian legez kanpoko hilketak izan dira, dela gobernuetako indarren, paramilitarren nahiz gerrillarien eskutik. Halako kasuak izan diren beste zenbait herrialde: Angola, Burundi, Kamerun, Etiopia, Liberia, Afrika Erdiko Errepublika, Kanputxea, Ipar Korea, Filipinak, India, Indonesia, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Guatemala, Haiti, Honduras, Jamaika, Mexiko, Dominikar Errepublika, Alemania, Austria, Bulgaria, Espainia eta Frantziako estatuak, Errusiako Federazioa (Txetxenia barne), Mazedonia, Erresuma Batua, Turkia, Turkmenistan, Ukraina.
Israelen eta Palestinako Aginte Nazionalaren menpeko guneetan ere halakorik izan da, baita Iraken eta Iranen ere.
-desagertzeak; 28 estatutako ofizialen eskuetan jendea desagertu da. Esaterako, Mexikon Ciudad Juarezen eta Chihuahuan desagertu eta hildako emakumeen kasua argitu behar du Gobernuak.
«Txetxenian, Errusiako agenteek hainbat desagerketa burutu dituzte». Gainerakoan, hainbat herrialdeetan izan dira desagerketak, hala nola, Angola, Burundi, Boli Kosta, Etiopia, Ruanda, India, Indonesia, Filipinak, Bielorrusia, Kroazia, Espainia, Saudi Arabia, Aljeria, Kuwait, Libia, Siria eta Iraken. Gauza bera gertatu da Israelen eta [honek 1967an okupatutako] lurralde palestinarretan.
-tortura eta tratu txarrak: 130 herrialdetan egin dituzte salaketak. Adibidez, Ekuadorren Poliziak zigorgabetasunaz jardun du torturen auzian. Petrolioguneak dauden eremuetan indigenen kontrako mehatxuek eta tratu txarrek segitu dute. Bestalde, AEBen esku Guantanamon preso diren 22 uigur Txinara deportatzeak «haiek torturatzea, bermerik gabe epaitzea eta, azkenik, exekuzioak ekar» ditzake. Munduan asko dira tortura erabiltzen duten estatuak: Burundi, Kamerun, Txad, Komoreak, Boli Kosta, Eritrea, Ganbia, Ekuatore Ginea, Ginea-Bissau, Kenia, Madagaskar, Niger, Senegal, Hegoafrika, Sudan, Togo, Uganda, Zambia, Afganistan, Bangladesh, Filipinak, India, Indonesia, Salomon Uharteak, Japonia, Malaisia, Argentina, Bahamak, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Ekuador, AEBak, Uruguai eta Venezuela.
Halaber, Europa, Asia Erdia,Ekialde Hurbila eta Afrikako iparraldean anitz dira salatutako gobernuak: Alemania, Kroazia, Eslovakia, Espainia, Estonia, Frantzia, Georgia, Errusiako Federazioa, Saudi Arabia, Aljeria, Palestinako Aginte Nazionala zein Israel eta [honek 1967an okupatutako] lurralde palestinarrak, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Irak, Iran, Jordania, Kuwait, Libano, Libia, Maroko eta Mendebaldeko Sahara, Qatar, Siria, Tunisia eta Yemen.
-emakumeen kontrako indarkeria: Mundu osoan hedatua, Afrikako zenbait herrialdetan «oraindik egitate onargarri gisa ikusten» da. «Ablazioak, modu ezberdinetan, praktika hedatua izaten segitzen du herrialde ugaritan». Frantzian, emakume etorkinen kontrako tratu txarren aurrean Gobernuak ez du «deus egin». «Sexu erasoak, jazarpena, bortxaketak edota senar-emazteen arteko indarkeria gure garaian giza eskubideen arloan dauden eskandalurik handienak dira».
-kontzientzia presoak: 42 herrialdetan hainbat pertsona dituzte preso, kontzientzia arrazoiengatik. «Kubako disidente presoen osasun egoerak kezkatzen gaitu». Gainera, 75 pertsona atxilotu eta «bermerik gabe» epaitu dituzte uhartean. Ekialde Hurbileko estatu askotan ere asko dira arrazoi horiengatik kartzelatuak. Israelen, esaterako, pilotu objektoreen kasua dago.
Afrikan, Burundi, Kamerun, Txad, Eritrea, Togo, Aljeria, Marokok... kontzientzia presoak dituzte, baita Asian Butan, Txina, Indonesia eta Vietnamek zein Amerikan Kuba, Peru eta Mexikok ere. Europako ekialdean eta Ekialde Hurbilean ere badira kasu franko.
-kargurik eta epaiketarik gabeko atxiloketak: «Arrazoirik gabeko atxiloketak izan dira ekintzaile komunisten, nazionalisten zein islamisten kontra Filipinetako Gobernuak daraman borrokan». Kritikatuen zerrenda luzea da kontinente guztietan. Hona batzu-batzuk: Burundi, Txad, Etiopia, Ginea-Bissau, Kenia, Madagaskar, Mauritania, Níger, Nigeria, Ruanda, Sierra Leona, Somalia, Sudan eta Zimbawe, Afrikan.
Asian honakoak agertzen dira, beste hainbaten artean: Afganistan, Bangladesh, Brunei Txina, India, Malaisia, Nepal, Pakistan, Papua-Ginea Berria, Singapur eta Sri Lanka. Amerikan, aldiz, Kolonbia, Kuba, AEBak eta Jamaika azaltzen dira. Europan, Erresuma Batua. Ekialde Hurbilean zein Afrikako iparraldean, Saudi Arabia, Egipto, Israel y los Territorios Ocupados, Libano eta Tunisia.
-heriotza zigorra: 63 estatutan dago indarrean heriotza zigorra. Horietatik 28tan ezarri da 2003an. Esaterako, Botswana, Txad, Kongoko Errepublika Demoktratikoa, Somalia, Sudan, Uganda, Zimbawe, Bangladesh, Txina, Japonia, Mongolia, Pakistan, Ipar Korea, Singapur, Taiwan, Tailandia, Vietnam, Kuba, AEBak, Bielorrusia, Egipto, Kazajstan, Uzbekistan, Saudi Arabia, Irak, Iran, Jordania, Yemen, Kolonbia eta Perun.
AI: «Terrorearen aurkako gerraren ondorio logikoak dira giza eskubideen urraketak»
Erakundeko idazkari nagusiak esan du Iraken torturatutako presoen irudiek «espero zitekeenaren» ingurukoak behar zutela munduarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu