Brasilgo kostaren inguruan Air France konpainiako hegazkin bat radar kontroletik kanpo geratu da eta Francois Brousse Air Franceko komunikazio zuzendariak hegazkina tximista batek jo duela uste du. Hainbat herrialdek airez eta itsasoz bilaketa lanei ekin die. Hegazkinaren egoerari buruzko ikerketa abian jarri du Frantziak.
Air Francek adierazi duenez, "4:14ak aldera turbulentzia handiko gunea igaro du hegazkinak, eta ondoren zirkuitu elektrikoan matxura izan dutela ohartaraziz abisua eman digute pilotuek".
Abisu horren ondoren hegazkineko pilotuekin hitz egiteko saiakera guztiek porrot egin dute. Une horretan 10.000 metrotara zihoan hegazkina beraz, itsasoan geldikinak aurkitzea oso zaila izango dela adierazi dute. Hegazkinaren azken arrastoa Senegalko aire estazioko radarrek jaso dute.
"Jada erregairik gabe egongo litzateke hegazkina beraz, itxaropenik ez dugu, itsasora erori dela esan dezakegu", nabarmendu du Pierre Henri Gourgeon Air Franceko zuzendari nagusiak. "Aireko hondamendi baten aurrean gaude", adierazi du Gourgeonek. 2004. urtetik gertatzen den hegazkin istripurik larriena da.
Atzo irten zen hegazkina Rio de Janeirotik (Brasil) 19:00etan, eta Parisko Charles de Gaulle aireportuan 11:10ean lurreratzekoa zen. Airbus A330 hegazkinean 228 lagun zihoazen: 216 bidaiari -horien artean zazpi haur eta jaioberri bat- eta hamabi eskifaiako kide. Bidaiariak Italiakoak, Frantziakoak, Alemaniakoak eta Brasilgoak direla jakinarazi dute, baina ez dute baztertu beste jatorriko pertsonak ere egotea.
Hegaldiaren kodea AF447 dela jakinarazi du Air Francek.
mundua
Air France konpainiako hegazkinaren bilaketa lanekin hasi dira, baina oraindik ez dute ezer aurkitu
Air France konpainiako hegazkina tximista batek jo eta itsasora erori dela uste dute. "Turbulentzia handiko gunea igaro du hegazkinak, eta ondoren zirkuitu elektrikoan matxura izan duela ohartaraziz abisua eman digute pilotuek", Air Francek jakinarazi duenez. Hegazkinaren azken arrastoa Senegalko radarrek jaso dute. 228 lagun zihoazen. Rio de Janeirotik irten zen atzo eta gaur, 11:10ean zen Parisen lurreratzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu