Erevandik abiatu zen hegazkina Errusiako aire kontrolatzaileen pantailetatik desagertu zen 02:15ak inguruan (00:15 Euskal Herrian). Une hartan, airekoaSotxi bainuetxe-hiriko ÐItsaso Beltzaren ertzean dagoÐ Adler aireportura hurbiltzen ari zen. Hegazkintza zibileko arduradunek eta Errusiako Larrialdi Egoeretako Ministerioko eledun Viktor Beltsovek emandako argibideen arabera, hegazkina lurreratzera zihoan unean oso eguraldi txarra zegoen Sotxi eskualdean. Hodei lausoaren azpiko muga lurretik ehun metro gora baino ez zen, eta, hala, kontrol dorreko arduradunek lurreratzeko saiorik ez egiteko eskatu zioten pilotuari.
Atentatua izana baztertu dute
Aldler aireportuko arduradunek emandako datuen arabera, hegazkineko eskifaiakoek gogoa izan zuten une batez Erevanerat bueltatzeko, baina eguraldian hobekuntza bat gertatzear zegoela abisatuak izan ondoren premiazko lurreratzea egitea erabaki zuten. Maniobra hori egiten ari zirelarik zen Itsaso Beltzera erori airekoa. Airbus A320 urean sartu den gunea Sotxi inguruko itsasertzetik sei kilometro itsasaldean dago.
Eguna argitu orduko indarrean jarri zirelarik salbamendu operazioak, airekoaren puskakinak aurkitu ziren itsaso gainean zehar. Lehen gorpuak ere atzeman ziren laster eta atzo arratsalde amaierarako 46 jaso zituzten sorospen egileek. Hegazkinaren zati handiena 500 metro hondoan dela egiaztatu ahal izan zen. Honetatik hurbiltzeko urpeko txiki bat eta zazpi urpekari eraman zituzten bertara. Sotxiko portutik hogei bat ontzi eta berrogei bat sorosle joan ziren hondamendiaren lekura, baita Rostov eta Novorossisk hirialdeetatik ere laguntzaile gehiago, salbamendu lanetan parte hartzerat.
Salbatzeko inor gutxi zegoen, baina, lehen egiaztatzeetatik nabarmen geratu baitzen ezbeharrean hil zirela hegazkinean zihoazen guztiak, hots, 105 bidaiariak, hauen artean sei ume,eta 8 tripulanteak. Erevango aireportuak zabaldutako zerrendaren arabera, bidaiarietatik 85 armeniarrak ziren, 26 errusiarrak eta georgiar eta ukrainar bana baziren. Hondamendiaren berria zabaldu orduko, biktimetako senide andana Sotxira joan zen hegaldi berezi batean. Bainuetxe-hiri honetako gorputegira eraman zituzten itsasotik jasotako lehen hildakoak.
Moskuko fiskalorde nagusi Nikolai Shepelek aski laster baztertu zuen hegazkinaren erortzea atentatu baten ondorioa izan zenik. Dena den, Fiskaltza nagusiko ikertzaile talde bat Sotchirajoan zen Vladimir Ustinov Errusiako prokuradore nagusiaren manuz. Bere aldetik, Krasnodarko fiskalburu Sergei Ereminek ezbeharraren zergatiak argitzeko ikerketa judizial bat abian jartzeko agindua eman zuen. Armeniaren aldetik, berriz, Serge Sarkissian Defentsa ministroak berak zuzenduko du ErevanekErrusiara bidaliko duen aditu taldearen jarduna.
Armeniako presidente Robert Kotxarianek zuen erabaki hau hartu, hondamendiaz argibideak eman zizkion Artiom Movsissian hegazkintza zibileko buruarekin bildu eta gero. Hegazkinaren fabrikatzaile Airbus enpresak ere sei aditu bidaliko dituela iragarri zuen atzo, Errusiako ikerketa egileei «laguntza tekniko bat» emateko xedez.
Anartean, Armeniako Armavia aire garraioetako konpainiak jakinarazi zuen atzo istripua izan duen hegazkina joan den apirilean sakonki aztertua izan zela. Kontrola honetan erabat desmontatu egin zutela eta pieza guztiak begiztatu zituztela zehaztu zuten konpainiako arduradunek.
Hegazkin istripuak 2000. urtetik
2000-01-31: Los Angelesko itsasaldean (AEB): 88 hildako
2000-07-25: Gonessen (Frantzia) Concorde bat erori eta 109 hildako
2000ko urria: Taipein (Taiwan): 83 hildako
2001-10-08: Milanon (Italia): 118 hildako
2001ko azaroa: New Yorken (AEB): 265 hildako
2002-05-07: Dalianen (Txina): 112 hildako
2002-05-25: Taipein (Taiwan): 225 hildako
2002-07-01: Alemanian: 71 hildako
2002-07-27: Lviven (Ukraina): 85 hildako.
2004-01-03: Sharm-el-Sheikhen (Egipto): 148 hildako izan ziren ezbeharrean.
2004-11-30: Solon (Indonesia): 26 hildako
2005-02-03: Afganistanen: 96 hildako.
2005-08-14: Varnavan (Grezia): 115 hildako.
2005-08-16: Sierra de Perijan (Venezuela): 160 hildako.
2005-09-05: Sumatran (Indonesia): 147 hildako.
2005-10-22: Lagosen (Nigeria): 116 hildako.
2005-12-06: Teheranen (Iran): 116 hildako.
2006-02-19: Hungarian: 42 hildako.
2006-05-03: Errusia: 113 hildako.