Airbus enpresako hegazkin batek izandako istripuan 152 lagun hil dira, Komoreetan

Indiako Ozeanora eroritako hegazkinetik 5 urteko neska bat besterik ez dute onik erreskatatu

2009ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Yemengo hiriburutik Komoreetara zihoan hegazkin batek istripua izan zuen atzo goizaldean. Maroniko aireportuan (artxipelagoko hiriburua) hartu behar zuen lurra Airbus 310-300 hegazkinak, baina oraindik argitzeko dauden kausengatik Indiako Ozeanora erori zen. Hegazkinean zihoazen ia guztiak hil dira istripuan; bost urteko neskato bat, baina, bizirik irten da ezbeharretik. Gainontzeko guztiak, 141 bidaiari eta eskifaiako 11 kideak, istripuan hil dira. Haien gorpuak bilatzen dihardute orain erreskate taldeek; lerro hauek idazteko unean bostenak atzeman zituzten.

Hilabete batean Airbus enpresako bigarren hegazkina da itsasora erortzen dena. Iragan ekainaren 1ean, Rio de Janeirotik (Brasil) Pariserako (Frantzia) bidaia egin behar zuen Air France Airbus 330 Ozeano Atlantikora erori zen. 228 lagun hil ziren orduan, horietatik asko frantziarrak ziren. Halaber, atzoko hegazkin istripuan hildakoen artean ere gehienak Frantziako herritarrak dira. Hala jakinarazi du Bernard Kouchner Frantziako Atzerri ministroak: Airbus 310-300 hegazkinean 66 frantziar zihoazen.

Hegazkina herenegungo gaueko 22:51n galdu zuen kontrola -00:51ak ziren Euskal Herrian-.Maronira ailegatzeko ordu erdi eskas falta zitzaion, eta, beraz, pilotuak lurreratzeko prestatzen ari ziren airekoaren kontrola galdu zutenean.

Munduko «zerrenda beltza»

Yemengo iturri ofizialen arabera, istripua gertatutako eskualdean ekaitza eta 61 kilometro orduko haize boladak ziren. Eta oraindik ezbeharra zergatik gertatu den argitu ez badute ere, baldintza meteorologikoek zeresana izan zezaketela uste dute. Frantziako Garraio Ministerioak, dena dela, Indikora eroritako hegazkinari2007anakatsak aurkitu zizkiotela jakinarazi du. Jaled Ibrahim al Uazir Yemengo Garraio ministroak, baina, hegazkina egoera onean zegoela ziurtatu du gutxira -Yemengo konpainiarena zen galdutako hegazkina-. Horrek azaldu duenez, pasa den maiatzean, Airbusekin batera, hegazkinari «ikuskatze integrala» egin zioten. Al Uazirren hitzetan, hegazkinak nazioarteko araudiak ezarritako baldintzak betetzen zituela baieztatu zuten orduan.

Europako Batzordeak, berriz, gertatutakoagatik dolua agertu du, eta, halako istripuak saihesteko, seguruak ez diren aire konpainien munduko «zerrenda beltza» osatzea proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.