NATOren hegazkin eta helikopteroek Afganistango muga zeharkatu eta Pakistango bi kontrol guneren aurka eraso egin zuten atzo goizaldean. Gutxienez 26 soldadu hil zituzten, eta beste hamahiru zauritu. Protesta gisa, Afganistanera doazen bi bide ixtea erabaki du Islamabadeko gobernuak. NATOk bide horiek erabiltzen ditu han dituen tropak erregaiz hornitzeko. Errepidean ziren 40 ibilgailu inguruk buelta hartu behar izan zuten.
Pakistango Gobernuaren arabera, NATOren Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrak (ISAF) Afganistanen dituen hegazkinek egin zuten erasoa. Hark ez du gezurtatu. Operazio batean, aire bidezko laguntza gehiago eskatu zutela azaldu du Carsten Jacobson ISAFeko bozeramaileak. «Oso litekeena da Pakistango soldaduen heriotza eragin izana». Gertatutakoa «sentitzen» dutela eta xehetasun handiz ikertuko dutela agindu du.
Mohmand eskualdean izan da erasoa, Afganistango mugatik 1,5 kilometrora. Gauerdian hasi zen ekintza, eta goizeko hirurak arte iraun zuen. «Kontrol gunea ondo zehaztuta zegoen, eta inongo probokaziorik ez zen egon. Onartezina eta arduragabekeria hutsa izan da», esan du Ashfak Pervez Kijanik, Pakistango armadako buruak. NATOren ekintzaren kontra, bere soldaduek «modu eraginkorrean eta defentsa propioa eginez» erantzun zutela gaineratu du.
Gertatutakoaren berri izan ostean, presazko bilera bat egin du gobernuak ere.Halakorik ez dutela «toleratuko» adierazi du Pakistango Atzerri Gaietarako ministroak. Haren esanetan, erasoak «ondorio handiak» izan ditzake herrialdearen, AEBen eta NATOren kolaborazio harremanetan.
Dena den, aipagarria da lehendik ere nahiko gaiztotuta dagoela bi herrialdeen arteko giroa. Afganistango gatazkan, hasieran aliatu ziren, eta orain, berriz, ia etsai amorratuak. Bien arteko haustura 2008ko abuztuan hasi zen, oposizioaren presioari men egin eta Pervez Musharraf presidenteak boterea utzi zuenean. Apurka-apurka okertuz joan zen harremana, harik eta iragan maiatzean Osama Bin Ladenen hilketak leherrarazi zuen arte.
Bin Ladenen heriotza, mugarri
AEBetako armada Islamabadi abisatu gabe sartu zen Pakistanen, eta esku hartze horrek asko haserrarazi zuen Jusuf Raza Guilani lehen ministroaren gobernua eta armada. Harrezkero, tentsioak gora baino ez du egin. Talibanekin negoziazioan zebilen Burhanuddin Rabbani Afganistango presidente ohia hil zuten irailaren 20an, eta Kabulek eta Washingtonek Hakkani sareari leporatu zioten erasoa; era berean, ISI Pakistango informazio zerbitzuari Hakkani babestea egotzi zioten.
Salaketa horri, gogor erantzun zien AEBei Atzerri Gaietarako ministroak: «Aliatu bat galtzeko arriskuan zaudete». Gerra hasi zutenean, AEBek milaka milioi euroko diru laguntza eskaini zioten Pakistani talibanen aurka laguntzeagatik. Orain, AEBek diru laguntza kentzearekin mehatxatu dute Pakistan, talibanei ustez emandako babes horrengatik. Alabaina, Asif Ali Zardari presidenteak talibanei aurka egiteko prest dagoela agindu die AEBei, eta Hakkani sarea deuseztatzeko laguntza eskaini die: «Ondo ezagutzen ditut nik talibanak; sugeak dira, eta guztien atzetik joateko asmoa daukat».
Pakistanek ere behin baino gehiagotan leporatu die AEBei eta Afganistani herrialdearen subiranotasunaren aurka egitea,muga zeharkatu eta soldaduei eraso egitea alegia. Iparraldetik hegoaldera 2.600 kilometrok banatzen dituzte bi herrialdeak, eta egunero milaka pertsona ibiltzen dira inguruetan. Protesta neurri gisa, iaz ere erabaki zuen Pakistanek Afganistanerako bidea ixtea. Bederatzi egunean jarraian eten zuen garraioa, NATOren helikopteroek bi soldadu hil ostean.
Izan ere, lurretik ez ezik, airetik ere zeharkatu izan dituzte Pakistango mugak AEBek. Orain bi aste, piloturik gabeko AEBen hegazkin batek gutxienez hamasei taliban hil zituen Pakistanen, mugatik gertu. Hegazkinak hamalau misil bota zituen Hego Uaziristanen, eta talibanen bi gotorleku suntsitu.
Pakistanek askotan eskatu du piloturik gabeko hegazkinik ez erabiltzeko. 2009an 53 bonbardaketa egin zituzten, eta iaz, ehundik gora. New American fundazioaren arabera, iaz arte 900 eta 1.500 artean ziren eraso horietan hildakoak, gehienak zibilak. Horrek ere eragin du pakistandarrek AEBei buruz zuten iritzia aldatzea. Halaber,AEBen operazio baten beldurra ere ari da hedatzen herrialdean.
Airetik eraso eginda, Pakistango 26 soldadu hil ditu NATOk gutxienez
Erasoa salatzeko, Afganistanerako bi bide itxi ditu Islamabadek; horrela, NATOren tropen hornidura oztopatu nahi duGobernuak dio gertaerak «ondorioak» eragingo dituela AEBekiko harremanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu