Pertsonaia. Francois Houtart

Aita santu altermundista

Erredakzioa
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Francois Houtart (Brusela, 1925) apaiz katoliko eta soziologo marxistak duela 40 urte adingabe bati abusuak egin izana aitortu du Le Soir egunkarian. Hori horrela, 2011ko Bakearen Nobel saria eskuratzeko bere hautagaitzaren aldeko kanpaina eteteko eskatu du.

Salaketa anonimo baten ondorioz egin du Houtartek adierazpena. Pederastia kasuak aztertzeko Belgikako Elizaren batzordea salaketa anonimo bat aztertzen ari zen. Salaketa horren arabera, 1970eko hamarkadan Lieja eskualdeko apaiz batek bi aldiz abusatu zuen mutiko batez. Salatzailea Houtarten lehengusu bat izan da, eta biktima, berriz, haren anaia, Le Soir -en arabera. Houtarten lehengusuak 8 urte zituen abusuak gertatu ziren garaian.

«Adingabearen gorputz atal intimoak bi aldiz ukitu izana» onartu du apaizak, eta ekintza «burugabe eta arduragabea» izan zela aitortu du. Houtartek azaldu duenez, biktimaren gurasoei apaizgoa uztea proposatu zien unean bertan, baina haiek Liejako apaiztegiko irakasle batekin hitz egitea gomendatu zioten. Irakasleak Elizan jarraitzeko eta erlijioen azterketa soziologikoan buru-belarri sartzeko gomendatu zion apaizari.

Adingabeen abusuen zerrenda luzea da Belgikako Elizan. Joan den apirilean, esaterako, Roger Vangheluwe Brujasko gotzainak, gotzain egin aurretik eta ostean adingabeko mutiko batekin sexu harremanak eduki izana aitortu zuen. Jarraian, dimisioa eman zuen. Aurten kaleratutako txosten baten arabera, 1970ko eta 1980ko hamarkadetan elizgizonek 500 umeri egin zizkieten abusuak. Biktimetatik hamahiruk euren buruaz beste egin zuten.

Houtartek,Bakearen Nobelerako bere hautagaitza gelditzeko eskatzeaz gain, Hiru Kontinenteen Zentroa GKEan zuen kargua utzi du. Berak sortu zuen GKE hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.