Jerusalem ekialdean beste 4.300 etxebizitza eraikitzeko baimena eman du Israelek. Eli Yishai Barne ministroak aurreratu duenez hiru fasetan gauzatuko da proiektua; Ramat Shlomo ipar-ekialdeko kokagunean egingo dira aurreneko etxeak; 1.600. Eta aurrerago beste bi egitasmo gauzatuko dira lerro berdetik haratago; Pisgat Zeev eremuan 700 etxe eraikiko dira, eta Givat Hamatosen beste 2.000. Ministerioko bozeramaile baten arabera, gainera, «datozen egunotan» beste 2.700 eraikuntzen berri emango du Yishaik. Etxebizitzak egiteko erabakia «ekonomikoa eta ez politikoa» dela adierazi du iturri horrek, okupazio politikarekin zerikusirik ez duela irudikatu nahian. Israelen duela hiru astetik protestan ari direnen salaketak, beraz, aitzaki bihurtu dituzte agintariek okupazioari eusteko. PAN Palestinako Aginte Nazionalak irakurketa horixe egin du, eta bakeari beharrean okupazioari lehentasuna emate leporatu dio Israeli. Saeb Erekat PANeko negoziazio buruak gogor salatu du erabakia nazioarteko zilegitasunari eraso egitea dela argudiatuta; «Israelek nazioarteko arauen gainetik dagoen estatutzat du bere burua, kontuak eman behar ez balitu bezala».
Nazioartearen kritika
Israelek herrialdean inoiz izandako protesta zabalenen —iragan larunbatean 300.000 lagun elkartu ziren— aldarrikapenak aintzat hartuta zilegitasuna eman nahi izan dio neurriari, bide batez, protestalariei keinu eginez. Etxebizitzen prezioak salatu dituzte gazteek, eta kolonoak protestetaz baliatu dira kolonietan eraikuntzak zabal ditzaten eskatzeko. Benjamin Netanyahu lehen ministroak koloniak hedatzeko baimenak ukatu dituela salatu dute egunotan, horrek prezioak garestitzea dakarrela oharrarazita. Zisjordanian 350.000 kolono bizi da egun —Jerusalem ekialdean beste 200.000 inguru—, eta horri esker etxeen prezioak merkeago direla esatera iritsi dira ere. Roni Arzi Yeshako koloniaren bozeramailearen arabera, koloniak bertan behera utziko balira prezioak are gehiago garestituko lirateke.
Jerusalem ekialdeko koloniak zabaltzeko neurria, hala ere, ez da bakana izan. Barne MinisterioarenPlanifikazio Batzordeak 930 etxebizitza zutitzeko baimena eman zuen iragan astean; Betleem parean dagoen kolonia batean egingo dituzte etxebizitza horiek —Har Homan—. Betar Ilit eta Karnei Shomron kolonietan, berriz, 336 eraikuntza egiteko baimena eman zuten uztailean; Zisjordanian eraikiko dituzten 7.000 etxeen parte dira horiek.
Testuinguru honetan kezkatuta agertu da nazioartea, okupazioa politika bere horretan dela egiaztatuta. Neurria negoziazioak sustatzeko egiten ari diren ahaleginen kontrakoa dela salatu du Laukoteak —AEB, NBE, EB, eta Errusia—. Palestinarren eta israeldarren arteko elkarrizketak iazko irailetik daude etenda, hain zuzen ere, azken hauek koloniak eraikitzeko debekua luzatzeari uko egin ziotenetik —hamar hilabetez egon zen indarrean debekua—. Nekez jarriko dituzte orain martxan bi astez abian izan ziren negoziazioak.
Irailaren atarian
Koloniak zabaltzeko albistea une berezian dator, izan ere, nazioartea irailean da estatu palestinarra aldarrikatzeko ekimena aztertzekoa. NBEko Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorretako batek aitorpenari betoa jarriz gero, kolokan geratuko litzateke aitorpena, eta horregatik makineria diplomatikoa baliatzen ari dira azken hilabeteotan alde biak. Washingtonen jarrera da kezkagarriena, kolonien politika irmo salatu izan badu ere, hitzetatik haratago aliatu historikoa babestu izan duelako beti. Nazioartea, hala ere, negoziazioak sustatzen saiatzen ari da, horrela ekimena bertan behera geldituko litzatekeelako.
PANek berriki aditzera eman zuenez zabalik utzi du eskaera atzeratzeko aukera, baldin eta bake elkarrizketak «ganoraz» hasteko moduari eusten badiote. Hasierako aurreikuspenen arabera, abuztuaren hasierarako behar zuen aurkeztuta proposamena, baina eskaera oraindik ez da bideratu —bideratu bada ez da publiko egin—.
Israel, bien bitartean, ekimena zapuztera zuzendu ditu bere ahaleginak, okupazioari eustea bide horretan kaltegarri gerta dakiokela jakin arren. Benjamin Netanyahu Barack Obarekin hitz egin zuen herenegun ustez bakea bideratzeko; palestinarren ekimena bake akordioen kontrakoa eta alde bakarrekoa dela salatu izan du lehenago ere. PANentzat, berriz, okupazioa sustatuta behin betiko anexioa bilatzen ari da Israel.
Ekialde Hurbila
Aitzakia okupazioari
Jerusalem ekialdean beste 4.300 etxebizitza eraikitzeko baimena eman du Israelek; PAEk okupazioari lehentasuna ematea egotzi dioTel Avivek erabakia ekonomikoa dela eta ez politikoa esan du protestalariei keinu eginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu