David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa Bruselan dago Europako Batasuneko 27 herrietako ordezkariekin eta legelariz inguraturik, negoziazio luze eta gogorretan sartuta. Gaur goizerako hitzarmena amaituta edukitzea espero zuten, baina 05:30ean amaitu dute saioa, eta goizean geratu beharrean eguerdian geratu dira negoziatzen jarraitzeko. Arratsalde amaierarako itxi nahi dute akordioa: saihestu nahi dute brexit-a edo Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzea.
Orain edo inoiz ez leloa eraman du Bruselara Cameronek, eta mamu bat lagun: behar bezala negoziatzen ez bada Europatik ateratzearen aldekoa atera daitekeela Erresuma Batuan egitekoak diren erreferendumean, ekainaren amaieran, eta hori gerta ez dadin hitzarmen txukun bat eraman behar duela etxera, bere alderdikideak eta herritarrak konbentzitzeko. Baina Erresuma Batuaren neurrira egindako hitzarmen honek Europako Batasunaren beraren bidea baldintzatuko du, eta ondorio pentsaezinak izan ditzake, Erresuma Batuari onartzen zaizkionak beste herrialdeetara hedatzeko arriskua dagoelako, beste ondorio batzuen artean.
Pribilegio asko onartzeko prest baitaude Europako 27ak, polemikoena immigrazioari buruz onartuko diotena: Erresuma Batuan lau urte baino gutxiago kotizatzen daramatzaten langile immigranteak jatorriaren arabera diskriminatzeko aukera izango du Londresek, herrialdea larrialdi egoeran dagoela uste duenean, eta baldintza hori onartuko diote, xehetasunak lotzea falta den arren, Erresuma Batua Europako Batasunetik ateraz gero batasunaren integrazioa kolokan jartzen baitu.
Erresuma Batua 1973an egin zen Europako kide. Hala ere, nahiz eta merkatu komunean integratu, arlo askotan Bruselarekiko aldea mantendu du.