AEBetako presidente Barack Obamak ohartarazi du zorraren goiko muga igotzeko akordiorik lortzen ez bada, herrialdea krisi ekonomiko larrian sartzeko arriskuan egongo dela. Herritarrei dei egin die Kongresuari akordioa lortzeko presioa egin diezaien.
AEBetako zorra berandutzan sartzeko astebete falta dela, eta elkarrizketetan egunak eman ondoren, Obamak herritarrei hitz egin die gaur, elkarrizketak blokeo egoeratik ateratzeko saiakeran. "Arazo hau konpromezuaren bidez konpon dezakegula uste baduzu, bidal ezazu mezu hori, Kongresuko zure kideak jakindezala".
Akordioa lortzen denean -lortzen bada-, Ordezkarien Ganberak eta Senatuak onartu beharko du eta azkenik Obamak berak berretsi beharko du; hori guztia astebete baino lehen.
Berandutzan sartzea "ardurgabekeria" litzatekeela esan du Obamak, gaineratu du urte amaierara arte zorra handitzeko erabakiak -errepublikazaleek proposatzen dutenak- ez duela arazoa konponduko eta ez dela AEBen zorran murrizketa lortzeko nahikoa izango.
Obamak ohartarazi du AEB berandutzan sartzen bada ez dela dirurik izango gizarte segurantza, beteranoen abantailak eta milaka enpresek sinatutako kontratuak ordaintzeko. "Orain familia guztiek dakite txarteletan zor pixka bat izatea jasangarria dela, baina bide horretan mantentzen bagara, goraka doan gure zorrak kalte larria eragingo dio gure ekonomiari".