Akordiorik gabe amaitu da JxCat eta ERCren arteko bilera Bruselan

Puigdemontek eta ERCko ordezkariek ez dute adostu Parlamentuko presidente izendatzeko hautagairik, eta ez dute lortu Generalitateko presidentearen izendapenerako eta gobernu osaketarako akordiorik ere. Negoziazioekin jarraituko dute, aste honetan, Bartzelonan.

Carles Puigdemont Kataluniako presidentea, Bruselan, artxiboko irudi batean. STEPHANIE LECOQC
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko urtarrilaren 3a
10:53
Entzun

Urtarrilaren 17ko osoko bilkura gerturatzen ari da, eta parlamentuaren saio horrek baldintzatzen du Kataluniako alderdien arteko negoziazioen erritmoa. Oraingoz, Junts per Catalunyak eta ERCk ez dute akordiorik erdietsi mahai gainean dituzten negoziazio gai nagusietan.

Belgikako hiriburuan elkartu dira Carles Puigdemont Kataluniako presidentea, hainbat kolaboratzailerekin, Junts per Catalunyaren aldetik, eta Pere Aragones Ekonomia sailburua, eta Roger Torrent eta Jordi Bacardit diputatuak ERCren aldetik. Marta Rovira ERCko idazkari nagusia bilerara joatekoa zen, baina osasun arazoengatik ez da bertan izan. Aldeek ez dute parlamentuko presidentetzarako edo Generalitatearen osaketarako akordiorik lortu. Aldiz, hitz egiten jarraitzeko prestutasuna agertu dute, eta konfiantza agertu dute akordioa lortzeko aukeran. Bartzelonan jarraituko dute elkarrizketekin, aste honetan bertan.

Metodologiari dagokionez, behintzat, ados dira negoziazioetan eman beharreko urratsen ordenean: lehenengo, parlamentuko presidentea adostu; ondoren, Generalitateko presidentea, eta, azkenik, Kataluniako Gobernuaren osaketa.

Lehen urratsa ez dago argi, ordea. Carme Forcadell (ERC) da parlametuko presidente izendatzeko hautagai nagusia, baina Forcadellek denbora eskatu dio ERCri erabakia hartzeko. Izan ere, askoren ustez, karguari uko egin diezaioke, haren kontrako auzibidean defentsa errazte aldera. Haren ordezko izateko aukera gehien dituena Carles Mundo Justizia sailburua (ERC) da, Kataluniako hainbat hedabideren arabera.

Oraingoz, parlamentuko mahaiaren osaketan alderdiek izango duten ordezkari kopurua da argitu den gai bakarrenetakoa. Junts per Catalunyak eta ERCk bina ordezkari izango dituzte, bi izango ditu Ciudadanosek ere, eta ordezkari bat PSCk.

Bestalde, Junts per Catalunyako eta ERCko hiru diputatu espetxean daudenez, eta beste bost erbestean, haietako batzuk ordezkatzeko aukera aztertu dute alderdiek, independentistek parlamentuan duten gehiengoa bermatzeko. Lau diputatu ordezkatzearekin nahikoa lukete alderdi independentistek Ciudadanos, PSC, CSQP eta PPren ordezkari kopuruen batura gainditzeko.

Gaurko bileraren ostean, Puigdemontek ez du argitu Generalitateko presidente izendapenerako zein asmo dituen. ERCkoek, berriz, adi jarraituko dute Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordeak bihar Auzitegi Gorenean duen saioa. Epaileak hura aske uztea erabakitzen badu, Junqueras izan daiteke presidentetzarako ERCren proposamena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.