Gauak luze jo du Belfasten, baina aldeak ez dira ezertara iritsi, Haass diplomazialari estatubatuarrak jakinarazi duenez. Irailaren 17az gero izan da aldeekin elkarrizketak bultzatzen bake prozesuan oraindik ere traba egiten duten gaien inguruan. Haassek gaurko data jarri zuen behin betiko testu bat egiteko, eta oraindik lortu ez den arren, uste du urte amaierarako prest egon daitekeela testua.
Iraganeko zauriak, banderaren auzia, desfileena, edo bi komunitateen arteko bizileku eta hezkuntza bereizien gaineko eztabaidak izan dira mahai gainean, eta Martin McGuinness Irlanda iparraldeko lehen ministrordeak irailean esan zuenez, auziok “erabakigarriak” dira mormalizazio prozesuan.
“Banderen gainean egindako lana etsigarria izan da, baina beste arloetan nahikoa harrigarriak izan dira aurrerapausoak. Pena handia litzateke ezerezean geratzea egindako lana. Pentsatu nahi dugu itzultzeko arrazoiak daudela”. Haass AEBetara joango da Eguberriak igarotzera, eta espero du ostiralean Belfastera itzultzea bere bosgarren zirriborroa aurkeztu eta urte hasiera baino lehen akordioa ixteko.
Irailetik ehun bilera baino gehiago egin dituzte, eta 500 pertsona baino gehiagok hartu dute parte, politikoez gainera, alde guztietako eragile sozialek.
Azken aldian kalean izandako istiluak dira Haassen ustez “aurrera egiteko ezintasunaren indikatzaileak”. Hala ere, uste du egungo egoera duela hamabost urtekoa baino “askoz hobea” dela, eta prozesuek “berrikusketa eta elkarrizketa saiakera etengabeak” behar dituztela aurrera egiteko.