Turkia

AKP alderdiak gehiengo osoarekin segituko du Turkiako Legebiltzarrean

Atzoko hauteskundeetatik %97 zenbatuta, Erdoganen alderdiak botoen %46,8rekin 550 parlamentarietatik 340 eskuratu ditu (%61,8). DTP alderdi kurduak independenteak 23 erdietsi ditu, eta talde parlamentarioa osatuko du.

2007ko uztailaren 23a
11:48
Entzun
AKP (Justiziaren eta Garapenaren Alderdia), Recep Tayyp Erdogan buru duela, izan da Turkiako Legebiltzarrerako atzoko hauteskundeetako irabazle nagusia, %97 zenbatuta botoen %46,8 lortu dituelako. Bukatu dute bozen zenbaketa eta AKPk, hala, 550 legebiltzarkideetatik 340 eskuratu ditu (%61,8). Nahiz eta duela bost urteko hauteskundeetatik botoen %13 irabazi, hamasei legebiltzarkide galdu ditu, beste alderdi batzuen sarreragatik.

Turkiako Konstituzioa erreformatzeko proiektua aurkeztu du hauteskundeotan AKPk. Europako Batasunera (EB) sartzeko Estatuak behar dituen egiturak egokitzen jarraitzeko asmoa du. Aldaketa horiek eroso egiteko Legebiltzarreko eserlekuen bi heren behar ditu, eta berak %61,8 dauka.

Alderdi hori 2002an aurkeztu zen lehen aldiz hauteskundeetara eta, ezustean, botoen %34rekin, gehiengo osoa lortu zuen Parlamentuan. AKPri islamista izatea leporatzen dio oposizioak baina, alderdiko buruzagiek esaten dutenez, Turkiaren sekulartasunarekin konpromisoa dute.

Bigarren lekuan, 112 legebiltzarkiderekin, CHP (Herriaren Alderdi Errepublikarra) izan da. %20,7 lortu du, aurreko hauteskundeetan baino ehuneko bat gehiago. Turkiako Armadarekin eta Estatuaren egiturekin harreman handia duen alderdietako bat da.

Hirugarren, MHP alderdi ultranaziolista: 71 legebiltzarkide, botoen %14,4 (aurrekoan %8,3). Haien sarrerak Erdoganen alderdiari EBn sartzeko bidea oztopa diezaioke, erreforma prozesua blokeatzen saia daitekeelako. MHPko gazteak ezagunak dira giza eskubideen taldeen eta preso politikoen senideen kontra eraso bortitzak egiteagatik.

DTP alderdi kurduak independenteak, berriz, 23 legebiltzarkide erdietsi ditu, eta talde parlamentarioa osatuko du hala. Ahmet Turk buruzagiak adierazi du kurduek "Turkia demokratikoan askatasunez hitz egiteko" prozesua bultzatuko duela, eta horretarako "adiskidetasuna eta elkarrizketa" erabiliko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.