Hauteskundeak Turkian

AKPk gehiengo osoa galdu du Turkian, HDP kurdua indartsu sartuta

Alderdi kurduak botoen %12,8 jaso ditu, eta, %10eko langa gaindituta, 78 eserleku eskuratu ditu Turkiako Legebiltzarrean. Erdogan presidentearen alderdiak 258 ordezkari lortu ditu, botoen %40 lortuta.

HDP alderdiko Selahattin Demirtas eta Figen Yusekda, alderdiaren agerraldian, garaipena ospatzen. DENIZ TOPRAK, EFE
jon olano
2015eko ekainaren 8a
07:33
Entzun

Konstituzioa aldatzeko asmoa zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, eta horretarako behar zuen parlamentuko hiru bostenen gehiengoa. Urrun geratu da. Horrenbestez, albo batera utzi beharko dituzte presidenteari botere gehiago emateko asmoak. 

Hamahiru urte boterean egon eta gero, gutxiengoan gobernatu beharko du aurrerantzean. Izan ere, zaila dirudi koalizio gobernua osatzeko aukera izatea. Horiek horrela, hainbat adituren arabera baliteke komeni zaienean hauteskunde aurreratuetara deitzea. 

AKP alderdiaren atzetik CHP alderdiak lortu du bigarren indarra izatea, botoen %25,1ekin. Haren atzetik, botoen %16,4rekin geratu da MHP alderdia. 

Parte hartzea handia izan da atzoko hauteskundeetan; hautesleen %86,3k bozkatu zuten. 

Atzoko hauteskundeen berrikuntza eta ustekabea HPD alderdi kurduak eman du. Kurduek ez ezik, Turkiako ezkertiar ugarik eman bide diote botoa. Izan ere, parlamentuan sartzeko %10eko langa gainditu eta botoen %12,8 lortuta sarrera indartsua egingo du Turkiako Parlamentuan.

Ez dute kanpaina erraza eduki Selahattin Demirtasek lideratzen dituen alderdikideek; ostiralean, Diyarbakir hirian, bi hildako izan ziren haien mitin batean jazo zen erasoan. Hala ere, emaitza onak lortu eta parlamentuan egoteko helburua bete dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.