Atentatuak Katalunian

Akusatuetako bi baldintzarik gabe espetxera bidali ditu epaileak

"Erakunde terroristako" kide izatea, hamabost lagun hiltzea, kalteak eragitea eta lehergailuak edukitzea egotzita, lau akusatuentzat eskatu du fiskalak espetxe zigorra. Bartzelonako atentatuen egileek nazioartean zer harreman dituzten ikertzen ari dira mossoak orain. Espero da arratsaldean zehar hartzea erabakiren bat Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Fernando Andreu epailea auzitegira sartzen. CHEMA MOYA, EFE
2017ko abuztuaren 22a
08:23
Entzun

Fernando Andreu epailearengana eraman dituzte deklaratzera lau atxilotuak, eta hark erabaki du akusatuetako bi behin-behinean preso sartzea. Goizeko zortzietarako eraman dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera, Guardia Zibilaren Tres Cantoseko polizia etxetik.

Epailearen aurretik igarotzen lehena izan da Alcanarren lehertutako etxebizitzan zaurituetako bat. Fiskalak baldintzarik gabeko espetxealdia eskatu du harentzat. Efe agentziak akusatuaren defentsako iturriak aipatuz zabaldu duenez, galdera guztiei erantzun die, eta baieztatu du mossoei esandakoa: eraso handiago bat prestatzen ari zirela. Hura libre uzteko eskatu du defentsako abokatuak, baina espetxeratzeko agindu du epaileak.

15:00etan sartu da deklaratzera bigarren akusatua. Rambletako atentatuaren ostean, hura jo zuten susmagarri nagusitzat, eta bere burua polizia-etxean aurkeztu zuen, adieraziz haren anaiak dokumentazioa ostu ziola. Mossoek atxilo hartu zuten, eta, ondoren galdekatuta, esan zien berak alokatu zuela Rambletan erabilitako furgoneta, baina uste zuela etxe aldaketa baterako zela. Azken bertsio horri eutsi dio epailearen aurrean. Efe agentziak iturri judizialak aipatuz zabaldu duenez, oso nekatuta eta galduta azaldu da epailearen aurrera, bost egunez inkomunikatuta egon eta gero, eta soilik galdetu du zein kartzelara eramango duten eta bertan seguru egongo ote den. Hura ere espetxeratzeko agindu du epaileak.

Beste akusatuetako bati 72 orduz luzatu dio atxiloaldia, eta libre utzi du laugarrena.

Hamabi laguneko talde bateko kide izatea egozten diete lau atxilotu horiei. Talde horretako kidetzat jotzen dituzte Cambrilsen hil zituzten ustezko bost erasotzaileak eta asteazkenean Alcanarko etxean (Tarragona) hildako beste bi lagunak. Hamabiko taldea osatzen zuen azkena Bartzelonako ustezko erasotzailea da, hamahiru pertsona hil eta ehundik gora zauritu zituen furgonetaren gidaritzat jotzen dutena. Hura atzo hil zuten mossoek, lau egun desagertuta egon ostean. Bartzelonako atentatuaren ostean, ostegunean bertan atxilotu zituzten bi lagun, eta ostiralean beste biak. Atentatua egiteko erabilitako autoa bere izenean alokatu zutelako atxilotu zuten bat; eta Alcanarko etxearen leherketan zauritutako bat da beste atxilotu bat.

Kataluniako atentatuak egitea egozten dioten hamabi laguneko talde horrek Europan zein harreman sare dituen ikertzen ari da orain Polizia. Joaquim Forn Generalitateko Barne Kontseilariak, Rac1 irratian, esan du atentatuak egin zituen taldea desegin duten arren lan asko dagoela egiteko, eta, horretarako, nazioarteko zerbitzu sekretuekin elkarlanean ari direla orain. Elkarlan hori "oso diskretua" izango dela gaineratu du.

Gerard Collomb Frantziako Barne ministroak baieztatu du ustezko atentatugileek joan-etorri azkar bat egin zutela Paristik. Atentatuak baino astebete lehenago egin zuten bidaia lau lagunek, Cambrilsko erasoan erabili zuten autoarekin. Gainera, Vilvoorde Belgikako herriko alkateak jakinarazi du atentatuan parte hartzea egozten dioten imama herri horretan egon zela 2016ko urtarriletik martxora bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.