Al-Assad joan ezean, Siriako Kontseilu Nazionalak ez du onartuko Annanen plana

Gobernuarekin eta oposizioko kideekin batasuneko gobernu bat eratzea proposatu du mandatari bereziak

mikel rodriguez
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Siriako gatazka konpontzeko batasun nazionaleko gobernu bat eratzea proposatu du Kofi Annanek. NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren arabera, egungo agintariek eta oposizioko kideek osatu beharko lukete gobernu berria. Oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionalak, ordea, erran du proposamenean Baxar al-Assadi agintea uzteko espresuki exijitu ezean ez duela onartuko. Reuters agentziak iturri diplomatikoak aipatuz erran duenez, NBEko Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrak—AEBak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina— ados daude Annanen ekinbidearekin.

Sirian indarkeria gerarazi eta trantsizio politikoa «atzeraezina» egitea du helburu Annanen proposamenak. Bertan erraten du prozesua «arriskuan» jarri lezaketen pertsonaiek, edo «berradiskidetzea eta egonkortasuna» kolokan paratu dezaketenek ez dutela batasuneko gobernuan egon behar. SNCk, ordea, Al-Assadek kargua utzi behar duela espresuki aipatzea nahi du. Baath alderdiaren bertze kargudunen inguruan, berriz, soilik «eskuak odolez zikinduta ez dituztenekin» hitz egiteko prest dago atzerritik jarduten duen plataforma. SNCrekin lotutako Siriako Armada Askea erakunde armatuak, berriz, Annanen proposamena erabat baztertu du.

Bihar bilduko da Genevan (Suitza) Siriarako Ekintzarako Taldea, Annanek berak deituta. Al-Assadek han egonen diren herrialde batzuei leporatu die mandatari bereziaren planak huts egin dezan nahi izatea. Irango telebista publikoari egindako adierazpenetan, Al-Assadek gaitzetsi du gobernuak egindako erreformek ez dutela «deus erran nahi terroristentzat eta horiek laguntzen dituzten gobernuentzat». AEBei egotzi die Al-Qaedari Sirian jarduteko laguntzea, eta Libian bezala atzerriko erasoa pairatzea ez dela posible erran du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.