Al Bashirrek zin egin du onartuko duela Sudango galdeketaren emaitza

Hegoaldeak urtarrilaren 9 eta 15 artean eginen du independentziaren inguruko erreferenduma

Erredakzioa
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Omar Al Bashir Sudango presidenteak zin egin du onartuko duela erabakia herrialdearen hegoaldeak independentziaren alde egiten badu. Urtarrilaren 9tik 15era eginen dute erreferenduma hegoaldean. Al Bashir Sudango batasunaren defendatzaile sutsua da, baina azken asteetan galdeketaren inguruko mezua leundu du. Hegoaldean estatu berri bat sortuko balitz, hura laguntzeko prest legokeela adierazi du, «herrialde seguru eta egonkorra» izan dadin.

Sudango presidentearen bide beretik jo du Liga Arabiarrak ere. Historikoki, Sudanen boterea eduki duten agintari arabiarrak sostengatu ditu erakunde horrek. Atzo, baina, Amro Musa idazkari nagusia hegoaldearen erabakia onartzearen alde agertu zen, edozein dela ere. Sudango Atzerri ministro Ali Kartik, berriz, jakinarazi du hegoaldeak independentziaren alde eginez gero, diplomazialari arabiarrei ez dietela trabarik jarriko harat joan daitezen. Kartik dio hegoaldeak independentziaren alde egiten badu, hori onartzea «bertze erremediorik» ez dutela izanen.

Indarkeria sortzeko arriskua

Hala ere, indarkeriara itzultzeko mehatxua bizirik dago Sudanen. Independentziaren bultzatzaile nagusia SPLM Sudango Herria Askatzeko Mugimendua da, eta hegoaldeko lurralde autonomoan hark du boterea gaur egun. Herrialdearen iparraldean ere, SPLMk milaka jarraitzaile ditu, ordea. Yaser Erman iparraldeko militanteen bozeramaileak adierazi du independentzia lortuz gero ez dutela onartuko indarrez hegoaldera bidal ditzaten. Balizko erabaki horri aurre egiteko, armak hartzeko prest daudela jakinarazi du Ermanek.

Iparraldeak eta hegoaldeak gerra zibil bortitza izan zuten 1983-2005 bitartean —bi milioi lagun baino gehiago hil ziren—. Bake hitzarmenean adostu zuten galdeketa egitea 2011n independentziari buruz erabakitzeko. Iparraldean arabiar musulmanak dira nagusi, eta hegoaldean, berriz, beltz animistak eta kristauak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.