Ekialde Hurbila

Al Fata-Al Islamek aldi baterako su-etena eman du

"Libanoko Armadak ez badu su-etena errespetatzen, orduan iritzia aldatuko dugu", esan du agirian. Ondoren, baina, libanoar soldaduak Tripoli ondoko Nahr el Bared errefuxiatu palestinarren gunean sartu dira.

2007ko maiatzaren 22a
19:01
Entzun
LBC Libanoko telebista kateak esan duenez, Fatah-al-Islamek aldi baterako su-etena eman du. Hango 14:30ean hasi du, gainera (Euskal Herriko 13:30ean). Su-etena mugagabea litzateke Libanoko Armadaren jarreraren arabera. "Ez badute su-etena errespetatzen, orduan iritzia aldatuko dugu", dio Fatah-al-Islamek agiriak.

Libanoko Armadak, hala ere, ez die kasurik egin; izan ere, su-etenaren ondotik, Tripoli ondoko Nahr el Bared errefuxiatu palestinarren gunean sartu dira libanoar soldaduak.

Igandean Libanoko Armadaren bonbardaketak hasi zirenetik, Nahr el Bareden ehun lagunetik gora hil direla agertu du Salim al Lababidik, Libanoko komunitate palestinarreko muftiak. Hildakoetako gehienak zibilak direla erantsi du.

"Errefuxiatu guneko jende gehienak ez du zerikusirik Al Fata-Al Islamekin. Bonbardaketa bertan behera utzi beharko luketek, biktima gehienak zibilak baitira", esan du Quatargo Al Jazeera telebista katean egin dioten elkarrizketan.

Nolanahi ere, gauez izan diren barealdi baten ondoren, goizean goiz errefuxiatu gunea bonbardatzeari ekin dio Libanoko Armadak. Iturri ofizialen arabera, Al Fata-Al Islam taldeko ekintzaileak daude gordeta errefuxiatu gunean, eta haiek dituzte jomuga. Al Kaedarekin lotura izatea leporatzen diete. Talde horretako ekintzaileak borroketan ibili dira egunotan Armadarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.